Mendiriz Mendik 1954an Argualasera egin zen lehen 3.000koa errepikatuko du

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 00:00
Argualaseko gainak 3.046 metroko altuera du.

Asteburuan, uztailaren 24 eta 25ean egingo da helduentzat irteera eta orain 67 urte, Juan Otamendi eta Antonio Agirresarobek egindako balentria ospatuko dute.

Nahiz eta aurten 75. urteurrena ospatu Mendiriz Mendi ofizialki mendi elkarte bezala onartua izatea 1954garren urtean lortu zen. Garai hartan elkarteko kideak esperientzia zuten mendizaleak zirela 'demostratzeko' hiru milako gailur bat igota zutela baieztatu behar zen. Balentria hori burutzera Antonio Agirresarobe, Bixente Zupiria, Jesus Gabilondo, Joakin Zigaran, Juan Otamendi eta Tedi Setien animatu ziren Fortuna elkarteak antolatutako irteera bat aprobetxatuz. 


Espedizio hartan parten hartu zuten bik lortu zuten gailurra zapaltzea: Antonio Agirresaborek eta Juan Otamendik. Guk haien balentria ospatzeko, zeren garai hartan balentria zen, irteera hau antolatu du Mendiriz Mendik.

Mendebaldetik hasita lehen 3.000etako bat da
Mendebaldetik hasita Argualas Piriniotako lehen hiru milakoetariko bat da. Baños de Panticosatik aurrez-aurre ikusten da gailurra. Garmo Negro, Algas eta Argualas berak osatzen duten zirkoaren ezker erpinean kokatuta dago. Azken glaziazioaren arrastoak aurkituko dituzte igoeran. Lehena Majada Baja de Argualas zirkoa, animalien bazkalekua den goi-soro eder batean bihurtu da gaur egun. Bigarrena Majada Alta de Argualas delakoa, aurrekoa baino txikiagoa eta basatiagoa, oraindik harri haundiz josita dagoena. Hirugarrena eta azkena hiru gailur nagusiek osatzen duten lehen aipatutako zirkoa da, neguan elurrez eta udaran hartxingadiz osatuta egoten dena.


Lehenago seguruenik artzainek igotako mendiak izango dira hauek, baina dokumentatuta dagoen lehen igoera hemezortzigarren mendearen amaieran izan zen. Beranduago, hemeretzigarren mendean bainuetxeak modan jarri zirenean, inguru hauetara hurbiltzen ziren noble eta aberatsen artean beti aurkitzen zen norbait, gida baten laguntzarekin, gailur hauetara igotzen zena.


Lehen arruntagoa zen udaran zirkoan edo Garmo Negro gailurraren azpialdean elurtegiak aurkitzea, baina gaur egun, arraroagoa izaten da. Hala ere, udaberria nahiko elurtsua izan bada, posible da oraindik horrelako elurtegiak aurkitzea eta beraz, kasu hori bada, material egokiarekin (kranpoiak eta pioleta edo bastoia) igo behar da.

Ibilbidearen deskribapena 
Baños de Panticosatik irten eta Argualaseko ur-jauzi aldera egin behar da. De la Laguna iturriaren kaseta alboan jaiotzen da Garmo Negro gailurrera igotzen den bidea. Lehen zatia, zig-zag haundiak eginez, baso barrutik egiten da. Majada Baja de Argualasera iristerakoan basoa atzean utzi eta goi-soroetan murgiltzen gara. 


Bideak eskuinera biratzen du eta Majada Alta de Argualasera igotzeko Arnales errekaren besoa den errekatxo baten albotik gora egiten da. Urez hornitzeko azken tokia da, hortik gora ura aurkitzeko aukera gutxi baitago. 


Majada Altara iristean, gora egin behar da, Pondiellos mendate aldera. Hala ere, bertara iritxi baino lehen, 2.550 m altueran gutxi gorabehera, mendatera doan bidea utzi eta ezkerrera egin behar da. Bidea nabaria da eta ez dago galtzeko arazorik. Bidezidorrak Garmo Negro gailurra bere azpitik zeharkatzen du eta handik gutxira goiko zirkoan uzten gaitu (2.850 m). «Bertatik zirkoko edozein gailur egiteko aukera dago. Guk Argualas egingo dugu».


Horretarako zirkoari bira eman eta bidezidor bati jarraituz Argualaseko gandorrean dagoen lepotxo batera igo behar da. Bidea ez da arriskutsua, baina ez da egokia bertigoa duenarentzat. Lepora iristerakoan, gandorraren beste aldera pasa behar da eta bide arrastoak jarraituz gailurreraino igo. Zati honetako une batzuetan eskuak erabili behar dira. Ez da arriskutsua, baina eroso eta beldurra pasa gabe ibiltzeko, harkaitzean ibiltzen ohitura izan behar da.
Gailurretik Baños de Panticosa aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Horrengatik soilik pena merezi du igoerak. Jaitsiera toki beretik egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!