Zikuñagako ermitaren fatxada eta aterpea errealitate bihurtuko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 18a, 00:00

Zikuñagako ermitaren lanak maiatzean hasi ziren.

Maiatzean hasi ziren lanak eta dagoeneko nahiko aurreratuak daude. Fatxada zaharra harriz-harri, aterpea eta estaldura eraikiko dira. Herritarrentzat ere gune kulturala izango da.

Zikuñagako ermitaren fatxada berreraikitzeko lanak maiatzean hasi ziren eta dagoeneko nahiko aurreratuak daude. Beraz aurten, 2021ean, amaituko direla lanak esan daiteke eta Zikuñagako ermita berriz ere zutik ikusiko dute herna­nia­rrek. Hala ere, ez da ermita guz­tia berreraikiko: fatxada zaha­rra, harriz-harri, Ama Birjina­ren irudia egongo den aterpea eta estaldura erai­kiko dira. 


Ziku­ña­gako Ama Her­naniko zain­da­ria da eta ermita berre­rai­ki­tzeko konpro­mezua hartu zen be­­re garaian. Kokapenaren in­guruan leku des­berdinak az­ter­tu ondoren, azkenean Zi­ku­ña­ga auzotik gertu egongo da eta irisga­rria­goa izango da au­rretik pen­tsa­tu ziren lekuetan baino. Honela, ermita Andola baserriaren inguruko lurretan eraikitzen ari dira.


Hori horrela izan dadin lan eta pauso asko eman dira. Jose Luis Aperribai, apaizak, berre­raikitzeko hasierako as­mo­­­ari heldu eta lan haun­dia egin du. Ermita pa­pelera dagoen lu­rre­­tan zegoen. 1987an Herna­niko Gobernu ba­tzor­deak era­baki zuen ermita botatzea eta beste leku batean berre­rai­kitzea. 13 urte aurretik Go­tza­intza eta Zikuñagako Pa­pe­­le­rak sale­ros­teko itxi zuten eta bi­en arteko akordioa hori zen, bota eta berreraikitzea. 


Erabaki hark haserrea sortu zuen herritarren eta auzo­ta­rren artean, Hernaniko pa­rro­­kia ere erabakiaren aurkakoa zen. Uda­lak ezohiko Plenoa deitu zuen eta salerosketaren kontra agertu zen. Arazoa konpondu beha­rrean okerrera joan zen 1979­an. Urte horretako Ostiral San­tuan, ostegunetik ostira­lerako gaue­an Zikuñagako Ama Birjin bel­tza­ren irudia lapurtu zuten. Ez da inoiz azaldu, eta berri zeha­tzik ere ez dago, gaur egun non egon litekeen jaki­teko. 

Aperribaik, Molinak, Xabier Arraztiok, auzotarrek eta instituzioek posible egin dute berriz eraikitzea
Ermita berreraikitzeko asmoa beti egon zen hor eta Juan Miguel Molinak, fatxadako harriak numeratuta gordeta zaindu zituen Zikuñagako Pa­per fabrikan, bertako langile izanda, ba­koitza bere zen­­bakiarekin eta kaxetan gor­deta, pabilioi ba­te­an. Kan­paia, gu­rutzea eta egu­rrez­ko lau aulki ere bertan egon dira gordeta. 


Proiektua azkenean egi bihurtuko da, Aperribai, Molina eta Zikuñagako auzotarren nahiari esker. Aperribai apaizak auzotarrekin sin­to­nia ona izan du proiek­tua aurrera eramateko. Horrexegatik, ermi­ta­ren fa­txada berre­raikiko da eta gainera auzoarentzat jolas­lekua ere izango da.


Uda­lak, eliz barrutiak eta auzo­tarrek hori nabarmendu dute prozesu guztian zehar. Ermitaren fatxadaren era­i­­­­kuntzan uztartzen dira auzo­tarrentzako elkargune be­rria, ondare kulturala eta oroimen historikoaren berreskuratzea, baita Zikuñagako Ama gur­tzea. 


Hori horrela izan dadin pausoak eman behar izan dira azken bi urteetan. Hasteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Zikuñagako baseliza berreraikitzeko egindako plan bereziaren interes publikoko adierazpena etorri zen 2020ko martxoan.Ezinbesteko baldintza zen ermita parrokiak aukeratutako lur urbanizaezinean berreraiki ahal izateko. 


Aldundiak ulertu zuen ermita honek betidanik izan duen garrantzia hernaniar gizartearentzat, proiektua interes publikokotzat jotzeko, ez baita gurtza leku bat bakarrik izan eta izango, herriko gune kultural eta historiko bat ere berreskuratuko baita.


Hurrengo pausua Hernaniko Udalak Zikuñagako ermita berreraikitzeko plana Plenoan onartzea izan zen eta aho batez onartu zen. Aperribaik lan asko egin zuen administrazio asko ados jartzeko, baita lortu ere. 

Erlijioa, elkargunea, ondare kulturala eta memoria historikoa uztartzen dira
Proiektuaren arkitektoa Xabier Arraztio hernaniarra izan da eta Endika eta Jon Urangaren laguntza izan du. Arraztiok nabarmendu duena izan da Zikuñagarentzako izango duen balioa. «Zi­ku­­­ñagak ez du apenas es­pa­zio librerik, auzoa eraiki ze­nean hirigintza planik gabe egiten ziren etxebizitzak. Ho­rren ga­be­zia du auzoak».


Arraztio arkitektoak argi du Zikuñagarentzat oso garran­tzitsua izango dela. «Bere sustraiak be­rres­kuratzen dituzte, alde ba­tetik, eta auzotik kanpo ere her­­na­niarrentzat leku oso esan­­guratsua izan zen eta apro­posa izango da aurrerantzean. Bertatik herria ikusiko da eta herritik ere ikusiko da ermita. 10.000 metro karratu izango dira. Lekua laua da».


Ermitaren fatxadaren eraikuntzan uztartuko dira erlijioa, elkargunea auzotarrentzako, ondare kulturala eta memoria historikoa berreskuratzea, dio Arraztiok. «Memoria berreskuratzea izan da helburu nagusia. Herna­ni­ren­tzat eta auzotarrentzat oso ga­rran­tzitsua izan da eta orain­dik  ere jarraitzen du izaten Ziku­ña­gako ermitak, gure histo­riaren parte da. Bakoitza­ren­tzat bere esanahia izango du: batzu­en­tzat erlijiosoa; beste­entzat Ziku­ñagako Amaren erre­­­ferentzia beste bide ba­tzuetatik etorriko da, erro­meriatik esa­terako. Baina, dudarik gabe, herria­rentzat leku eta esanahi berezia du eta ga­rrantzitsua da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!