Azarotik adinekoen egoitza eta eguneko zentroa, Aldundiaren esku

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 17a, 00:00

Atzoko ezohiko udalbatzarrean prozesu hori gauzatzeko hasierako onarpena egin zen.

Santa Maria Magdalena adinekoen egoitzako zerbitzuaren eta eguneko zentroaren gaineko eskumenaren egikaritza, Foru Aldundiak hartuko du azaroaren 1etik aurrera, beraz bere esku geratuko da azarotik aurrera. Atzoko ezohiko udalbatzarrean prozesu hori gauzatzeko hasierako onarpena egin zen. 


Zerbitzu hori eskualdatzeko lehen urratsa Hernaniko Udalak Zerbitzu Sozialak Erakunde Autonomoa desegitea izan da. Erabaki hori onartu zen atzoko osoko bilkuran. 30 urtez adinekoen egoitza-zentroko eta eguneko zentroko zerbitzuak eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du, azaroaren 1etik aurrera, bi zerbitzu horien gaineko eskumenaren egikaritza. Egikaritza hori zuzenean egingo da edo, bestela, Kabia foru organismo autonomoaren bidez.

Langileariari dagokionez, Aldundiaren langile izango dira azarotik aurrera
Langileriari dagokienez, zerbitzu horretan lan egiten duten langileak subrogatuko dira eta Aldundiaren langile izango dira hitzarmena betetzen den egunetik aurrera. 


Egoitza eta eguneko zentroa eskualdatzeko hitzarmenaren eraginkortasun-data 2021eko azaroaren 1erako aurreikusita dago. Hitzarmena eraginkorra denetik aurrera, erakunde autonomoaren gainontzeko zerbitzuak kudeatuko dira Hernaniko Udalaren Zerbitzu Sozialak Sailaren bidez.


Foru Aldundiak 2016an onartu zuen herrialde osoko adineko egoitza guztiak Kabia organismo autonomoan txertatzeko plana. Hernaniko egoitzak Gipuzkoako azkenetakoa izan behar zuen, 2019an. Baina zerbitzu horietako 34 lanpostu finkatzeko asmoz ireki zen lan eskaintza publikoa martxan zegoela, prozesua atzeratu zen. Orain, eskaintza hori bukatuta, eta lanpostuak finkatuta, utziko ditu Udal Zerbitzu Sozialak Erakunde Autonomoak adinekoentzako zerbitzu horiek Aldundiaren esku.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!