Zubirik B taldeko San Fermin txapelketa irabazi du Loitegirekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 00:00

Txapelketa nagusian Urriza eta Aizpuruk 30-29 garaitu dituzte Ansa II.a eta Larrañaga.

Loitegi eta Zubiri goizuetarra  San Fermin torneoan txapeldun irten ziren asteazkenean, finalean Urrutia II eta Martirena 21-30 gainditu eta gero. B taldeko txapela lortu zuten nagusi izan zirelako finalean. Final nagusian Urriza eta Aizpuru III.a dira txapeldunak, Ansa II.a eta larrañaga 30-29 gainditu ondoren. 
Galarretan jokatu ziren bi finalak eta giro ezin hobea sortu zen. 350 pertsona inguru bildu ziren Hernaniko frontoian, gazte asko eta asko, eta pelotariak biziki animatu zituzten.

Horrek eragina izan zuen erremontistengan eta maila altuan aritu ziren finalista guztiak. B taldeko finalean Zubirik  erakustaldia eman zuen. Loitegik ongi lagundu zuen, baina atzelari goizuetarrak 13 tanto egin zituen eta ez zuen pelota bakarra galdu. Jaun eta jabe izan zen partidu guztian zehar. Bere esperientzia baliatu zuen txapela lortzeko. 

Martirenak pelotakada onak eman zituen, baina akats gehiago egin zituen. Aurrelarien borrokan, Urrutiak aukera gutxi izan zituen jokoan sartzeko Zubiriren lanari esker.

Final nagusia ikusgarria izan zen eta azken tantoan erabaki zen gorrien alde
A taldeko finalean Urriza eta Aizpuruk tanto bakarraren aldearekin irabazi zuten San Fermin txapela Ansa eta Larrañagaren aurka. Partidu ikusgarria izan zen, lau erremontistak oso ongi aritu ziren eta denen artean Urriza nabarmendu zen beste behin. 

Iruñako aurrelariak beste txapela bat bururatu du eta finaletako pelotaria dela erakutsi zuen. Akats bakarra egin zuen final guztian zehar, urdinen alde 28 eta 29koa suposatu zuena, baina ondoren Aizpuruk bi pareta baten bitartez 29nako berdinketa igo zuen markagailura eta azken tantoan Ansak takoarekin jo zuen azken pelotakada indartsu batean eta behera joan zitzaion. 

Partidua berdindua izan zen alternatiba ugarirekin markagailuan, baita berdinketak ere. Gorrietan Urrizak agindu zuen eta urdinetan nabarmentzekoa izan zen Larrañagaren lana. Ikaragarri jokatu zuen azkoitiarrak eta zortzi tanto egin zituen, ia akatsik gabe. Urrizari pelota asko kendu zizkion momentu bakoitzean egin behar zena eginez; pelota jaitsi, gainetik pasa, txokora arrimatu... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!