Aurten ere Karmen jairik ez da antolatuko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 00:00

Kaxkoko festen 25garren urteurrenak beste urtebete itxaron beharko du pandemiaren eraginez. Jende pilaketak saihestu behar dira.

Bigarren urtez jarraian, Covid-19ak eragindako pandemiaren eraginez, Karmen Jaiak ez dira ospatuko Hernaniko Kaxkoan. Uztailaren 16a izaten da Karmen eguna, eta gaur, 26 urte betetzen dira, Hernaniko Kaxkoan Karmengo jaiak berrabiarazi zituztenetik. Elkartekoek, «tristura haundiz» ez dute ekitaldirik antolatu; «jende pilaketak saihestuz, eta denon segurtasuna bermatzeko, gehienbat». Ez da sardin-jaterik egingo, ezta bazkaririk ere. 

Azken batean, 120 pertsona biltzen ziren urtero bazkari baten bueltan, eta bigarren urtez jarraian ezin dira arriskatu halakorik egitera. Beraz, Kaxko elkartekoek, ez dituzte ekintzak antolatuko. 

Eta horrekin batera, hirugarren urtez alkate berdinak jarraituko du auzoko aginte makilarekin. Izan ere, beste urtebetez, ez da alkatetza aldatuko, horrek dakarrenagatik. Jendea hurbilduko litzateke, eta pilaketak ekar ditzake. 

Hori dela eta, datorren urtera arte Maitere Minerrek jarraituko du alkate izaten, eta datorren urte­an, 2022an, «egoera hobetzen bada», al­kate berria izandatuko dute.

Alkatea izendatzeaz gain, ur­tero egiten dira omenaldi ezberdinak, baina aurtengo egoe­rak behartuta, datorren urtean egingo dituzte omenaldi eta ekin­tzak. 
Jakinarazi dute, festen aurretik lehenetsi dutela herritarren osasuna, eta datorren urteari begira, azken bi urteetan ospatu ez den 25garren urteurrena ere ospatuko dutela: «omenaldi eta ekintzez gain, zerbait berezia prestatuko dugu, ziurrenik».

Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie orain arte laguntzen egon diren guztiei, eta Karmen Jaien parte izan direnei.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!