Hernaniar sentitzearen harrotasuna eta sentimendua

JUAN JOSE URIA ZUBIARRAIN 2021ko uzt. 15a, 00:00

Juanjo Uriak Kardaberaz, Victor Hugo, Mugalarien eta Azeri Dantzaren lanen ondoren Hernaniri buruzko idatziarekin borobildu du bilduma.

Kronikako lagunei esan nien,  Iturriaga, Kardaberaz, Victor Hugo eta Mugalarien lanen ondoren, Azeri Dantzarena bidaliko niela eta –bolada batean behintzat–, azkena izango zela. Denak ere, aspaldi samarretik eginak neuzkanak dira –beste hainbat bezala–, baina Kronikakoei hori esan eta gero, iruditu zait, agian, argitaratutako lan hauei, errematea eman niezaiekeela duela urte batzuk Hernaniri jarri nizkion bertso batzuekin. Ez ditut hernaniarrak aspertu nahi nire istorio txikiekin eta horregatik diot, oraingoz behintzat, ez dudala kontu gehiago aterako ordenadorearen apaletik. Beraz, Hernaniri eskainitako bertso-sorta hau ere bidali egin diet, –Kronikakoei–, nahi izanez gero, argitaratu dezaten. Gure herriari jarritako bertsoak dira, non herriarekiko sentimenduak erakusten ditudan eta baita hernaniar sentitzearen harrotasuna ere. 

 

Doinua: Hil da Canovas, fuera Canovas I

 

1

Kaixo Hernani bihotzekoa

ze herri ederra zeran,

antzina sortu ta harrez gero

dakarzun bilakaeran,

eta aitortu behar dut zeinen

gustura ikusten dedan,

hernaniartasun sentimendua

sarri nola agertzen dan,

bere herria benetan maite

duten hernaniarrengan.

 

2

Jende ospetsu edo xehea,

aberats edo pobrea,

pasarte eder askoren jabe,

herri langile, noblea,

ez da izango agian beste

herriak baino hobea,

baina mendeetan hernaniarra

izateko ohorea,

zein sentimendu handiz

dugun barruan gordea.

 

3

Ni oso pozik nago Hernani

mirestu eta maiteaz,

hor da Txirrita, hor da Maialen,

Antsorena, Kardaberaz,

zer esan hainbat hernaniarrek

izandako portaeraz,

eta onartu behar dizuet

apal eta bihotzberaz,

harro nagola hernaniarra

jaio eta izateaz.

 

4

San Joan Eliza, udaletxea,

San Agustin komentua,

Oindi mendia, Santa Barbara

eta han gotorlekua,

Urumearen ibilbidea

ur gardenez edertua,

eta Akolan trikuharriek

gorde duten sekretua,

ez al zaizue iruditzen hau

herri ia perfektua?

 

5

Lanak ez gaitu inoiz beldurtu

beti egon gara prestu,

eta kulturan: musika, dantza,

antzeztu edo abestu,

kirolan berriz parte-hartzeak

ia bukaerik eztu,

elkartasuna darabilkigu

bihotz-zabal, eskuz-esku,

herri duin edo hobeagorik

ezingo nuke amestu.

 

6

Arduraz eta zentzuz ez dakit

zenbat mende daramatzan,

betiko jite eta betiko

portaeraren usantzan,

gainera sarri ikusten dugu

pozez, alai eta martxan,

ekimen askok sortzen dizkigun

dibertsioaren saltsan,

jai egun eta festak ospatzen,

janez, kantuz edo dantzan.

 

7

Ta guregana gerturatzeko

sortu ezkero desira,

ingurukoak izan edota

urrutikoak, berdin da,

asmo on eta zintzoz etorri

ezkero gure herrira,

giro onean, beso-zabalik

hartuak izango dira,

eta kezkarik gabe etorri

daitezela Hernanira.

 

8

Baina xede txar, ilunez norbait

iristen bada gurera,

hedabideetan gure izena

gezur bidez zikintzera,

edota baldin badator dugun

giro jatorra haustera,

esango diot gure artean

sobera dagoela bera,

eta lehenbailehen hau utzi eta

itzul dadila etxera.

 

9

Hernani zure izen ederra

entzun dudan bakoitzean,

zirrara sarko atsegin batek

eragin dit bihotzean,

eta pentsatu izan dut hortaz

hainbat aldiz oroitzean,

hernaniarra izan nintzenez

amagandik jaiotzean,

sentipen bera eduki nahiko

nukeela heriotzean.

 

Bertsoak jartzen ari nintzela ordea, ospetsu izandako edo nabarmendutako herritarren izenen bila ibili nintzen eta zerrendetan, gizonen izenak soilik azaltzen zirela konturatu nintzen. Bueno, emakume bakanen bat bai, baina gutxi, oso emakume gutxi. «Ez da izango ba, gizonek adina meritu egin ez dutelako», pentsatu nuen.

Eta bapatean, nahiez amorragarri batek hartu  eta pentsamenduak ondorio honetara eraman ninduen:«Emakumeen aurka izan den eskubide urraketarengatik izango da beraiek, zerrenda historikoetan ez azaltzea, hemen eta munduan». Eta ez nuen isildu nahi bidegabekeriaren aipamenik egin gabe.

 

Fama dutenen artean gizon

izen asko ageri da,

eta gordean emakumeen

ardura eta distira,

zerrendak baina egin ohi dira

beti gizonen neurrira,

eta andreak zerrendaotan

gehiago lirake, tira,

emakumeen eskubideak

errespetatu balira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!