«Erantzukizuna eskatzen dugu kutsatze datuak kezkagarriak baitira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 00:00

Hernaniko PSE-EE arduratuta dago herrian dagoen kutsatze mailarekin. «Erantzukizun pertsonala gogoratu nahi dugu».

Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramailea kezkatuta agertu da Hernani kutsatzeen bilakaerarekin. «Intzidentzia-tasak puntu asko egin du gora azken hamahiru egunetan, eta 100.000 biztanleko 1,913,1 kasu izan dira azken hamalau egunetan atzoko datuak kontuan hartuta». Sozialisten ustez, ikasturtearen amaiera eta Sanjoanetako ospakizun ez ofizialak dira arrazoi posibleak. Joan den asteko asteartetik astelehenera 267 kutsatze berri izan ditu Hernanik. 


Egoera horren aurrean, zinegotzi sozialistak «erantzukizun pertsonalaren» garrantzia gogorarazi die hernaniarrei. «Hernaniko herritar gehienak osasun-neurriak betetzen ari dira, eta, beraz, gainerako herritarrak errespetatzen dituzte; hala ere, badira oraindik uste dutenak ez gaudela pandemia betean eta gure osasun-sistema ez dagoela egoera kritikoan. Badakit gutxiengoa direla betetzen ez dutenak, baina garrantzitsua da berriro esatea gure ekintzekin arduratsuak izan behar dugula».


Bestalde, sozialistek Udal Gobernuaren ekintza eza ere kritikatu dute. PSE-EEk dioenez, ez da aurreikuspenik egin San Joanetan ospatuko ziren jaien aurrean. «Denok dugu kaleaz gozatzeko gogoa, baina San Joan jaietan ikusi ziren irudiak, kalea eta kopa-tabernak beteta, pandemia aurreko egoera normal batean egongo bagina bezala, aurreikusi zitezkeen».

«Erantzukizun partekatua da eta ez da onargarria Udal agintariek baloiak kanpora botatzea»
Erantzukizuna partekatua izan behar dela dio Crespok, «kaleak udalak kontrolatu behar ditu, tabernen barrualdea jardueraren titularrek, eta bakoitzak bere ekintzen erantzule izan behar du. Ez da onargarria Udal agintariek baloiak kanpora botatzea, erantzukizuna Osakidetzari soilik eskatuz», kritikatu dute sozialistek; «Baheketa masiboa soluzioa izango balitz bezala, anbulategian test masiboak egiten ari direnean. Denok egin behar dugu autokritika. Hernaniko jai denboraldietan azken urteotan izan dugun kontrol faltak ahalik eta modurik okerrenean egin du eztanda».


Gerora ere, sozialistek uste dute neurri hertsatzaileak serioago hartu beharko liratekeela arau ez-betetzeak gertatzen badira. Sozialisten bozeramailearen arabera, «badakigu zer gertatu den, denok egin behar dugu egoera horren balantzea eta erabakiak hartu, Hernaniko kutsatze-datuak jaitsi ahal izateko. Espero dugu gainerako udalerriek gure esperientziatik ikasi izana».


Azkenik, adierazi duenez, «ez dago formula magikorik, ez da inon izan munduan, ez hiririk, ez herririk ez dago Covid-19a edukitzetik salbuetsita, eta, beraz, gutako bakoitzak hartzen ditugun neurriak bat etorri behar dira egoera epidemiologikoarekin». Crespok Hernaniko bizilagunei erantzukizuna haunditzea ere eskatu die, «gaur edo bihar kaltetua izan daitekeena txertatu gabea izan daiteke eta hori osasun ikuspegitik larria izan daiteke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!