Udalak, autobus zerbitzuari buruzko «informazio argia» eskatu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak hirietako autobusen zerbitzu berria jarri du abian uztailaren 1ean, eta lehenengo egunetan nahasmen haundia sortu du erabiltzaileengan, «informazioa ez delako behar bezala eman» diote herritarrek.

Beterri-Buruntzako autobus zerbitzu berria jarri da martxan duela gutxi. Hori horrela, lineek eta ordutegiek aldaketa haundiak jasan dituzte, hala nola, ordutegiak, geldialdiak, lineen izenak... Erabiltzaile ugari Hernaniko Udalera jotzen ari dira, kexak azaltzeko. Erabiltzaileen iritziz, informazioa ez da behar bezala eman eta horretaz gain, murrizketengatik ere arduratuta daude.

Autobus zerbitzu honen inguruko ardura ez da berria. «Kontzesio berriaren prozedura hasi zenetik egon da komunikazio eskasa, bai herritarrekin zein udalekin», azaldu du Hernaniko Udalak. Eta Beterri-Buruntzako udal batzuek azaldu zuten, 2017ko prozesua abiatu zenetik, komunikazioa etengabeko arazoa izan zela.

Hau kontutan izanik, Beterri-Buruntzako Udalek, «haserrea» erakutsi nahi izan dute; «ez zaigulako bidezkoa iruditzen milaka eta milaka herritarrengan hainbesteko eragina duen zerbitzu bat aldatzea herritarren iritzia bazterrean utzita».

 

Ordutegi eta lineak jakiteko eskuorriak Biterin

Foru Aldundiak martxan jarri duen autobus zerbitzuari buruz eman den informazioa «exkaxa» izan dela ziurtatu du Hernaniko Udalak, eta honakoa azaldu du: «markesinetan jartzeko ordutegi eta linea berriak, eta herritarren artean banatzeko eskuorriak, bezperan, ekainaren 30ean, iritsi ziren».

Udalak egunotan etengabe ari dira jasotzen herritarren kexa, eta haien esanetan: «informazio linea eta ordutegi berrien komunikazioa ez delako behar bezala egin».

Hau kontutan izanik, Hernaniko Udalak jakinarazi nahi du Aldundiak bidalitako eskuorriak HHZn eta Biterin daudela herritarren eskura.

Horrez gain, herriko markesinetako kartel zaharrak kendu eta berriak jartzen hasiak dira jada, udal langileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!