Udarako asteburuak musikaz, dantzaz, zirkuaz eta zineaz blai datoz Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 00:00

Atzo aurkeztu zuten Uda Hernanin 2021, ekitaldi gehienak egingo diren lekuan: Atsegindegin.

Ekitaldiak Atsegindegin egingo dira, Chillida Lekun eskainiko den zine proiekzioa salbu. Eskainiko diren emanaldiak doakoak dira, baina aforoa mugatua denez, ezinbestekoa da gonbidapena jasotzea. 

Uda Hernanin 2021eko kultur programa aukeztu zuen atzo Biterin Udalak. Oraindik bizi dugun osasun alarma kontutan izanik, Hernanik zuhurtziaz jokatzeko ardura hartu badu ere, kulturaren aldeko «apustu garbia» egin da; «kultura beharrezkoa da eta segurua da», azpimarratu zuen Koro Etxeberria kultura zinegotziak aurkezpenean.

Hori kontutan izanik, antolatzen diren kultur ekitaldiak, segurtasun neurri guztiekin egingo dira, «pilaketak eman ez daitezen». Hau kontrolatzeko, Atsegindegin egingo dira kultur emanaldiak, Chillida Lekun eskainiko den zine emanaldia salbu.

Emanaldiak doakoak badira ere, aforoa mugatua da, horregatik, ezinbestekoa da aldez aurretik gonbidapena jasotzea, eta horretarako hainbat bide daude: kultura.hernani.eus webgunean hartu daitezke, edo Biterira bertaratuz lortu daitezke.

Gonbidapen hauek, uztailaren 12tik aurrera eskuratu daitezke. Hala ere, emanaldi bakoitza baino bi aste lehenago jarriko dira eskuragarri. Gehienez, pertsonako 4 sarrera hartu daitezke. Horrez gain, eskatu dute bertaratzeko aukerarik ez duenak «jakinarazi dezala lehenago, beste norbaiti aukera emateko».

Zortzi emanaldi izango dira guztira uztailean eta abuztuan

Nagore Irastorza kultura teknikariak esandakoaren arabera, emanaldi mordoa ikusteko aukera izango dute hernaniarrek, izan ere, guztira zortzi bat kultur ekitaldi antolatu dira, uztailean eta abuztuan ikusteko.

Lehen kultur emanaldia, datorren asteburuan izango da, eta Hernaniko Musika Bandak eskainiko du. Uztailaren 17an, arratsaldeko 19:30etan, Musika Bandaren udako kontzertua eskainiko da, eta gainera Severino Vazquezen azken kontzertua izango da; «60 urtez bandako kide izan ondoren».

Uztailaren 24an, dantza emanaldi eder bat eskainiko da, arratsaldeko 20:00etan hasita, Atsegindegin. Uztailari amaiera emateko, hilaren 30ean, izeneko zirku antzerkia ere eskainiko da, herritar ororentzat. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta hitzik gabea izango da.

Abuztuan ere ez da kultur ekintzarik faltako, izan ere, abuztuaren 6an, El funeral musika eta antzerkia tartekatzen ditu emanaldiak Atsegindegiko plaza hartuko du. Horrez gain, abuztuaren 7an, herritarrek zinea aire librean ikusteko aukera izango dute, Chillida Lekun hain justu. El fotógrafo de Minamata pelikula proiektatuko dute, eta gaueko 21:30etan emango zaio hasiera. Horretarako 10 euro ordaindu beharko da. Gainontzeko emanaldiak, musika eta dantzarekin lotutakoak izango dira, eta guzti horien artean Ainara Ortega hernaniarraren kontzertua ere badago, kaleratu berri duen Onin diskoa aurkeztuz.

Hori, abuztuaren 21ean izango da, baina aurretik, abuztuaren 14an gazteei zuzendua Gazte emankizuna eskainiko dute Oinkari dantza taldeak eta Hika teatro konpainiak. 20:00etan hasiko da Atsegindegin eta euskal dantza abianpuntu izanda gorputz mugimenduak eta dantza modernoa uztartzen ditu.

Udako kultur programazioari amaiera emateko, abuztuaren 28an, Cía faltan 7 konpainiaren Express zirku ikuskizuna eskainiko da, Atsegindegin, 20:00etan. Hitzik gabea da eta umorea, malabareak eta ezusteko ugari izango dira emanaldi honetan.

 

Uda Hernanin 2021

UZTAILA

17 Musika Bandaren kontzertua. 19:30. Atsegindegin.

24 Distantzian+Basaide. Dantza. 20:00. Atsegindegin.

30 . Zirku antzerkia. 19:00. Atsegindegin. Hitzik gabea.

 

ABUZTUA

6 El funeral musika antzerkia. 20:00. Atsegindegin.

7 El fotógrafo de Minamata, zinea kalean. 21:30. Chillida Lekun. Sarrerak 10 euro.

14 Gazte. Dantza. 20:00. Atsegindegin.

21 Ainara Ortega. Kontzertua. 20:00. Atsegindegin.

28 Express. Zirkua. 20:00. Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!