Pardelak birziklatzeko kanpaina martxan, baita Hernanin ere

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 00:00

Hernanin ere pardelen kanpaina jarri dute abian, eta sinadurak biltzen ari dira.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak kanpaina bat jarri du abian, pardelak birziklatzearen alde.

«Pardelak birziklatzeko ordua heldu da», adierazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak; eta azaldu du, Gipuzkoan badela Birzitek izeneko enpresa bat, Goierrin kokatua, pardelak eta higiene produktuak birziklatzeko gaitasuna duena. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak dio, Gipuzkoan 20.000 bat tona hon­dakin suposatzen dutela par­delek eta higiene produktuek: «hondakinak ondo be­reiztu eta gero geratzen den errefusaren %70 dira produktu hauek», nabarmendu dute.

Horrez gain, Gipuzkoako Fo­ru Aldundiak, bere baitan dauka birziklapenaren kluster bat: «birziklapenarekin zerikusia du­ten enpresa multzo batez osatu­ta dago; tartean, Birzitek».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak argi dio, teknologia badagoela eta gaitasuna ere bai, eta honako galdera hau bota du: «zergatik ez da abian jartzen pardel eta produktu higienikoen birziklatzea?».

Ondoren, gai honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta jakinarazi du GHKk (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak) bere kargu hartu behar duela prozesu honen gidaritza eta kudeaketa: «herritar askok ondo jokatzen dute hondakinen bereizketaren kasuan, pardelak ere birziklatuz. Gizartearen eskaera bat da. Zerbitzu honek eskainiko lukeen lorpen gehigarri hori pizgarria da Gipuzkoarentzat zein bere herritarrentzat, norabide onean beste urrats bat. GHKri eskatzen diogu prozesu honen berehalako funtzionamendua abiatu dezala», azpimarratu du.

 

Kanpainarako, babes bila

Erraustegiaren Aurkako Mugi­mendua, sinadurak biltzen ari da Gipuzkoako Ingurumen Sailak «zerbait egin dezan». Izena eman eta ondorengo estekan babesa eman behar da horretarako. Azpian agertzen den QR kodean sartuz sinatu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!