Auritz Txintxurretak eta Oier Azpeitiak ezin, gaurko partiduan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 5a, 18:54

Auritz Txintxurreta hernaniarra, atzo arratsaldeko partiduan.

16-18 galdu dute kadete hernaniarrek, Gaztelekuko Miner eta Salbadorren kontra, Zikuñaga Papelera txapelketan.

Lehiara bueltatu dira esku pelotariak gaur, Zikuñaga Papelera txapelketarekin. Eta eguneko hiru partiduetatik aurrenekoan aritu dira Auritz Txintxurreta eta Oier Azpeitia kadeteak. Hernaniarrek ezin izan dute garaipena lortu, eta 16-18 galdu dute, Gaztelekuko Miner eta Salbadorren kontra. Oso partidu berdindua izan da hasieratik bukaerara, eta azkeneko zatian bi-hiru tantoren abantaila izan dute hernaniarrek; baina 16-14 aurretik zirela, andoaindarrek egin dituzte azkeneko lau tantoak, garaipena lortzeko.

Bihar izango dira beste hiru partidu, 18:00etan hasita Hernaniko kiroldegiko frontoian; eta bailarako bikote bat izango da tartean: Julen Deskarga hernaniarrak eta Egoitz Elizegi goizuetarrak jokatuko dute kadeteetan, Ilunpeko Otaegi eta Larrañagaren kontra. Ondoren izango dira honakoak: jubeniletan, Gaztelekuko Arrillaga eta Beloki, Alde Zaharrako Olaizola eta Sorondoren kontra; eta nagusietan, Epleko Urmeneta eta Zazpi Iturriko Beloki, Lapkeko Larrañagaren eta Añorgako Olidenen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!