Aritz Sound System, bueltan: egindako lana bere webgunean biltzen eta jasotzen ari da

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 5a, 00:00

Aritz Usandizaga, 2009an, Dobera antolatutako egitasmo batean.

«'Artixta', antolatzaile eta kazetari bezala egindako lanak» eskuragarri jarriko ditu, oraindik osatzen ari den eta amaitu gabe dagoen www.aritzsoundsystem.com webgunean.

Aritz Sound System bueltan da, eta bere garaian egindako lanaren adibide «xumea», webgune batean jarri nahi du eskuragarri. «Artixta, antolatzaile eta kazetari bezala egindako lana» jasotzen du www.aritzsoundsystem.com webguneak. Sarean, orain arte aurki ezin zitekeen edukia dago bertan (testu zein irudiak) eta horrekin gozatu dezakete hernaniarrek.

Hernanin antolatzaile edo artixta bezala egindako lanaren parte bat aurki daiteke, besteak beste. Herriko jaiak pasa berri direla, Molotoff Irratiko txosnan antolatzaile bezela, urteetan egindakoaren irudi eta testu batzuk ikusi daitezke, adibidez. Horrez gain, «igandeetan Tilosetan egiten genituen disko jartzaileen saioak, Artixten Topaketa izeneko ekimenekoak, Hip-Hop egunak, Kalejira musikatua, 90ko hamarkada amaierako rock astea, reggae astea... Nire saioak herriko taberna edo txoko desberdinetan, hitzaldi eta tailerrak ikastetxeetan, Latxunbe kalean genuen disko denda, eta abar luzea...».

Material asko dago oraindik sarean igotzeko, baina pixkanaka joango dela igotzen azpimarratu du Aritz Usandizagak.

Urte guzti hauetan, asko izan dira garai batean egin zituzten gauza horien guztien arrastoa sarean egotearen garrantziaz hitz egin diotenak Aritzi: «eta arrazoi dute, urteetan pilatutako materiala galtzea pena litzateke eta. Horregatik, orain hobeto nagoela aprobetxatuz, eta material hori guztia jende guztiaren eskura jartzearen garrantziaz jakitun, web orria egitea erabaki dut».

Guneari Aritz Sound System izena jarri dio, urteetan hainbat jenderekin egindako lanak hobekien bateratzen dituen izena delakoan. «Antolatzaile, artixta, dendari, idazle edo kazetari bezala egindako lan guztiaren lotura izena da, nire ustez; eta horregatik izendatu dut horrela», azaldu du.

Denen eskura egotea eta eskertza, bi helburuak

Urteetan egindako lanaren dokumentazioa (argazki, idatzi eta audio-bideoak) sarean zintzilikatzea, jende guztiaren eskura egotea du helburuetako bat.

Edukiak euskera hutsean daude. «Euskeraz ez dakienarentzat, gure hizkuntza ikasi eta praktikan jartzeko aitzakia izan dadila espero dut, beste gauza batzuen artean. Jakina da, dena den, euskera itzultzaile asko daudela eta gero eta emaitza hobeagoak ematen dituztela, Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile neuronala eta Elia-Elhuyar itzultzaile neuronala, esaterako».

Bestetik, Aritz Usandizagak eskerrak eman nahi izan dizkie, urte guzti horietan lagun izan dituen pertsona guztiei; «zuen elkarlan eta laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zelako guzti hau egin izana».

Aportazioak «ongi etorriak» izango dira, «baita kritikak eta webgunea hobetzeko proposamenak ere». Gaurkotzen eta osatzen joango da.

Web orria guztiz publiko egin aurretik (osatzeko asko falta da oraindik), ordea, «herritarren iritzia» jakin nahiko luke, «eta egoki ikusiz gero, aportazioak jaso. Era berean, webgunean azaltzea interesgarria dela deritzozuen materialik edukiko bazenu, bidali iezadazue lasai».

Eduki asko dago webgunean, «eta atal guztiak banan-banan arakatzea astuna litzatekeenez, bilatzaile bat jarri diogu. Bertan, zure izena edo zurekin harremana izan dezakeen hitza jarriz gero, errazagoa izango da zurekin zerikusia duen argazki, testu edo dena delakoa aurkitzea».

Bilaketa zehatzagoa izan da­din, fitxategi barruan bilatu izeneko laukitxoa markatu daiteke.

Webgunea oraindik amaitu gabe dago, eta osatzen joatea da aurreikuspena

Web orriak eduki asko ditu, baina oraindik amaitu gabe dago. «Jasotzen joango garen material berriarekin, webgunea etengabe gaurkotzen eta osatzen joango garela aurreikusten dugu, urteetan seguruenik», dio Aritzek.

Webguneak duen egituragatik eta «diseinu zaharkituarekin, badakigu ez dituela milaka bisita edukiko, baina helburua ez da hori, nahiz eta ahalik eta jende gehienarengana iristea gustatuko litzaigukeen, noski. Helburua, lehen esan bezela, eduki guzti hori jende guztiaren eskura jartzea da, eta hori bezain garrantzitsua, nirekin aritutako jende eder guztiari eskerrak ematea».

Aportazioak «ongi etorriak» izango dira, «baita kritikak eta weba hobetzeko proposamenak ere». Mugikorrean ikusi badai­teke ere, «hobe ikusten da ordenagailuan edo pantaila haundian», dio Aritz Usandizagak. Irrati saioak esteka honetan entzun daitezke: www.ivoox.com/escu­char-audios-aritz-sound-system_al_23950245_1.html.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!