Charo Román oroitu zuten, erail zutela hamar urte bete direnean

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 5a, 00:00

Charo Románen alaba Yolanda lore sorta eskuan duela, eta Antonia ahizpa eta Manolo anaia loreak farolan jartzen.

Larunbatean bildu ziren Urbieta kalean, familia, Nagore Laffagaren ama, Udal ordezkariak, Koordinadora Feminista, lagun eta bizilagunak.

Charon Román gogoratu eta omendu zuten larunbatean, bere erailketaren hamargarren urteurrenean. Hamar urte igaro dira Román eta bere alaba Yolanda Sánchez erasotu zituztela Txantxangorri parean, Urbieta kalean: labankadaz erail zuten Charo, eta zauritu Yolanda.


Ekitaldian parte hartu zuten Koordinadora Feministako kideek; Xabier Lertxundi alkateak, Hernaniko Udalaren izenean; Asun Casasolak, Nagore Laffageren amak; eta Charon Romanen senideek, Yolanda Sánchez alaba ere bertan zela. Lagunak eta herriko bizilagunak ere hurbildu ziren Charo gogoratzera.


Genero indarkeria gaitzetsi eta salatu zuten bertaratuek, eta alkateak nabarmendu zuen genero indarkeriaren aurkako borrokan jarraitu behar dela. Koordinado­ra Feministako kide­ek, berriz, azpimarratu zuten Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko eguna azaroaren 25a izan arren, Hernanin uztailaren 3a ere egun seinalatua dela. Asun Casasolak nabarmendu zuen denen laguntza behar dela, eta jasotzen den babesa garrantzitsua dela. 


Amaitzeko, familiaren txanda iritsi zen, momentu hunkigarriena: olerki bat irakurri zuten, eta Charoren abestirik gogokoena entzun zen. Udalak lore sortak eskaini zizkion familiari, eta Charo erail zen lekuan ipini zituzten senideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!