Nazioarteko kongresua izango da urrian, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 4a, 00:00

Demokrazia komunalari buruzko lehen biltzarra egingo dute, eta urriaren 13tik 16ra bitartean izango da, Donostian eta Hernanin.

Aurtengo udazkenean (urriaren 13tik 16ra), Demokrazia komunalari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra egingo da, Donostian eta Hernanin. Bertan, egungo demokrazia ereduak zalantzan jartzen eta eraldatzen dituzten ideia eta praktika kolektibo zehatzak jorratuko dira. Urriaren 13an, biltzarra egingo da Donostian, Ibaetako campusean; eta urriaren 14, 15 eta 16an, berriz, Hernaniko Iturolan izango dira jardunaldiak.

Gizarte mugimenduekin eta dinamika eraldatzaileekin lan egiten duen Paz con Dignidad/Bakea Duintasunarekin elkarte­ak antolatu du biltzar hau, Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Gizarte Zientzietako ikerketa-taldearekin batera.

Kongresuaren helburua da, teoriatik zein praktikatik abiatuta, komunitateak, herri bote­re­ak, autogestioak, autogobernuak, ba­lio komunek eta partehartze kolektiboak, aztertzea oinarri eral­datzailea du­ten prozesuak eta esperientziak.

Gai horrekin lotutako nazio­arteko lehen biltzarra izango da. Tokiko esperientziak eta bost kontinenteetako hamaika ekimen eta proiektu bateratuz, ezagutzak partekatzeko eta gizartea eraldatzeko prozesuak bultzatzeko antolatu da. Dagoeneko baieztatutako proposamenen artean daude Italia, Brasil, Venezuela, Kurdistan, Txile, Hegoafrika, Argentina, Katalunia, Paraguai, Estatu Batuak, Kolonbia eta Euskal Herriko esperientziak.

Urriaren 14an eta 15ean, goizeko 10:00etan hasiko da kongresua, eta 19:00etan emango zaio amaiera. Azken egunean, 16an, ordubete aurreratuko da bu­kaera. Harremanetan jartzeko: idatzi demokrazia.komunala@ni.eus helbidera, edo deitu 605 813 733 telefonora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!