Oronak berretsi egin du Basque Ecodesign Centerrekin hitzarmena, 2021-2025 akordioarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 4a, 00:00

Industria iraunkorrago batekiko konpromezua da. Basque Ecodesign Center ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren ekimena da.

Oronak berretsi egin du Basque Ecodesign Centerreko kide izaera, beste 13 euskal enpresa eta Ihobe eta SPRI sozietate publikoekin batera, aliantza publiko-pri­batu horren 2021-2025 akordioa sinatuta.


Orona lantalde horretako kide da 2016tik, eta ordutik bere ezagutza eta esperientzia eman ditu Ekodiseinuan eta Ekonomia Zirkularrean, "ingurumena gehiago errespetatzen duen eta Agenda 2030en ingurumen erronkekin bat datorren industria lortzeko".


Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomiko nagusien presentziarekin, Donostian sinatutako akordioak "berretsi egiten du euskal industria-sektorearen mobilizazioa eskema jasangarriagoetarantz, Europako Itun Berdeak eta Basque Green Dealek Euskadin markatutako estrategiak zehazten duen bezala. Ingurumenari dagokionez, hitzarmenik garrantzitsuena da, atxikitako 14 enpresen garrantziagatik".


Orona Basque Ecodesign Centerren sartzeak, erantzuten dio konpainiaren gizarte eta ingurumen-estrategia sendoari. 2008 urteaz geroztik, Oronak ISO 14006 Ekodiseinuko ziurtagiria du, eta beraz, zigilu hori duen lehen enpresa da igogailuen sektorean. Era berean, konpainiak instalazio ekologikoetan oinarritutako ingurumen-plan "zehatz eta anbiziotsu" bat du; besteak beste, Orona Ideo egoitza korporatiboa, BREEAM ziurtagiria lortu zuena, bai eta LEED kategoria ere, bere balantze energetiko neutroa dela eta.


Bestalde, Orona bere jarduera bideratzen ari da erosketa berdeak egitera, GRI estandarrak lortzera, karbono-aztarna mugatzera, eta CO2 konpentsatzeko ekintzak garatzera.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!