Osasun zentroko langileei «debekua», Osasun Mahaian parte hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 00:00

Osasun zentroko langileak, duela hilabete batzuetako mobilizazio batean.

«Debekua» ezarri diete, Hernaniko osasun zentroko langileei, Udaleko Osasun Mahaian parte hartzeko. LAB sindikatua kontra azaldu da, eta Sailaren erabakia salatu du. 

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, Hernaniko osasun zentroko langileek debekatuta izango dute Hernaniko Udaleko Osasun Mahaian parte hartzea. Debeku horren arrazoia «politikoa» dela ziurtatu dute; eta ez, berriz, «irizpide sanitarioa».  

 «Mahai horretan parte hartu ohi dute, eta debeku horrek irizpide politiko eta ez-sanitarioei erantzuten die argi eta garbi; izan ere, foro horren balorazioa oso positiboa izan da beti, bai Osasun Zentroaren aldetik, bai Udalaren aldetik», adierazi du LABek.


Udalaren kudeaketa higatu nahi dutela salatu

Erabaki hori medio, sindikatuak hauxe salatu du: «gerentziaren eta Sailaren debeku horrek ez du ezertan laguntzen Hernaniko osasun-
egoera delikatuari aurre egiten, eta, gure ustez, ezker abertzaleak gobernatzen duen udal baten kudeaketa higatzea besterik ez du bilatzen, eta gobernu-taldean, Hernaniko biztanlerian oro har, eta gazteengan, bereziki, Osasun sailaren kudeaketa negargarriaren erantzukizuna deskargatzea. Gainera, udal mailako erakundeei errespetu falta garbi baten aurrean gaude, udalaren eskumenen kontra».

Halaber, LABen iritziz, Osasun Sailak Hernaniko Udalak egindako Osasun Mahaiaren deialdiari emandako erantzuna, «Covid-19 delakoaren ondorioz herria jasaten ari den osasun- egoerari aurre egiteko neurri posibleak aztertzeko helburuz egindakoa». Aitzitik, diote, «Saila egiten ari den kudeaketa negargarria berresteko beste urrats bat baino ez da». 

Horren haritik, ondorengoa zehaztu dute LABeko kideek: «pandemian zehar, honako hauek guztiak baieztatu dira: Osakidetzaren giza baliabideen eta baliabide materialen gabezia; Lehen Arretaren abandono kronikoa; eskala handiko prebentzio-neurrien falta; lobby jakin batzuei gailentzeko eta aurrez aurreko arreta berreskuratzeko ezintasuna; osasunaren gainetik interes politikoen eta marketinaren nagusitasuna; kudeaketaren gardentasunik eza; lankidetza mota ororen gaitzespena; gazteriaren kriminalizazioa; autokritika-erantzukizunik eza; eta erantzukizun guztiak biztanleriaren lepoan uztea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!