Udaleku irekiak antolatu ditu Doberak udarako, Hernaniko kirol eta kultur elkarteekin batera

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 00:00

Bi astetarako antolatu ditu udaleku irekiak: uztailaren 26tik 30era bitartean lehena, eta bigarrena abuztuaren 2tik 6ra. Izena emateko epea zabalik dago, 'dobera.eus' webgunean. Uztailaren 19ra arte izango da aukera.

Udaleku irekiak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak aurten, herriko haurrei aisialdirako aukera emateaz gain, Hernaniko elkarte ezberdinak ere ezagutarazteko. «Berritzaileak»  izango dira Doberaren udaleku­ak, «taldeko begiraleekin ohiko ekintzak burutzeaz gain, herriko kirol eta kultur elkarteekin elkarlanean egingo baititugu», elkartetik azaldu dutenez.

Herriko hainbat elkarte ezagutaraztea, asmoa

Udaleku hauetan, 8 eta 12 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, eta honakoak izango dira gazteek gertuagotik ezagutuko dituzten elkarteak eta jarduerak: Ainara Dantza Eskolarekin, funky dantza; CD Hernaniko atle­tismo sailarekin, lasterketak; Hernani Kirol Elkartearekin, irristaketa; Hernaniko saskibaloi taldea; Iraulio Panttalone Bertso-kabiya; Itziar Lamuedraren eskutik, antzerkia; Kaxkardirekin piraguismoa; Mendiriz Mendirekin, mendizaletasuna; Oriamendirekin, erremontea eta Ttarla dantza taldearekin, eus­kal dantza.

Bi astetan egingo dituzte aurten, Doberak antolatutako udaleku irekiak: lehenengo txan­da uztailaren 26tik 30era bitartean izango da; eta bigarrena, aldiz, abuztuaren 2tik 6ra bitartean. Astelehenetik ostiralera izango dira udalekuak, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30ak arte, hain justu.

Gainera, Doberak aurreratu du, astean behin egunpasa bat egingo dutela: «bertan 8-12 urte bitarteko (LH 3-6 mailako) umeak arituko dira».

Taldeak, gehienez 10 kideko­ak izango dira, eta hauek begirale batekin joango direla azaldu du Doberak. Horrez gain, honakoa gaineratu du: «bizi dugun osasun egoera dela eta, indarrean dauden osasun neurriak hartuko ditugu».

Jada izena eman daiteke udaleku irekietan, dobera.eus webgunean; eta uztailaren 19ra arte egongo da aukera. Hala ere, Doberak azaldu du kopuruak mugatuak direla: «bi asteetarako edota aste bakarrerako eman daiteke izena». Aste baterako apuntatuz gero, 60 euro dira (Doberako bazkideek 50 euro), eta bi asteetarako, 110 euro (Doberako bazkideek 90 euro). Informazio ge­hiagorako, idatzi dobera@do­bera.eus helbidera, edo deitu: 943 33 27 99 / 662 406 692.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!