Baheketa masiborik ez dute egingo Hernanin, eta murrizketak izango dira udal eraikinetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 00:00

Xabier Lertxundi, atzoko agerraldian

Udal ordezkariak bildu ziren atzo goizean, eta herria eremu gorrian zegoeneko neurriak hartuko ditu Udalak, bere «konpetentzien barruan». Baheketa masiboa egitea eskatu zion Osasun Sailari, baina azken honek jakinarazi du ez duela halakorik egingo, ez delako efektiboa.

Beste 44 positibo izan ditu Hernanik, atzo emandako datuen arabera; eta beste 300 proba egitekoak ziren, atzoko egunean zehar. Positiboen gorakadarekin kez­katuta, Osasun Mahaiaren bilera deitu zuten Hernanin, atzo goizerako. Horretara, azkenean, ez ziren agertu Hernaniko anbulatorioko ordezkariak, Osasun Sailak hala aginduta: «harridura haundiarekin jaso dugu albistea, ez dugulako ulertzen zergatik ez duten baimenik izan, Hernani bizitzen ari den egoera larri honetan», zioen Xabier Lertxundi alkateak, bileraren ondoren egin zuen agerraldian.

Bilera horretan, udal ordezkariak elkartu ziren, eta erabaki zuten neurriak hartzea, «gure konpetentzien barruan». Horrela, eremu gorrian zegoeneko neurriak ezarriko dituzte udal eraikinetan, aforoei eta antolaketari dagokionez. Kiroldegian, esaterako, gimnasioko aforoa murriztuko dute, eta dutxak itxi.

Era berean, udarako zerbitzuei dagokienez (ikastaroak, udaleku irekiak...), antigeno proba egitea eskainiko die, horietan lan egingo dutenei.

 

Baheketa masiboa egiteko eskaerari, ezezkoa

Alkateak, bestalde, eskaera luzatu zion Osasun Sailari, herrian baheketa masiboa egiteko; eta Udalaren bitarteko guztiak haren zerbitzura jartzeko prest azaldu zen, horretarako. Baina arratsaldean hitz egin zuten Osasun Saileko arduradun batekin, eta berak jakinarazi zien, ez dutela baheketa masiborik egingo Hernanin, ez delako «efektiboa». Azaldu zienez, «kutsatu potentzialak» ez dira agertzen horietara, eta oraingo irizpidea da baheketa lokalizatuak egitea.

Era berean, Xabier Lertxundik azaldu zuen, oraindik ez dietela esan Hernanin fokurik identifikatu dutenik; eta adierazi zuen, ez daukatela «datu zehatzik, ziurtatzeko San Joanetako jende pilaketen ondorio izan dela positibo kopuruaren gorakada». Edonola ere, «egoera larria» dela ohartarazi zien herritarrei, eta neurriak hartzeko deia luzatu zien.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!