«Emakumeak kale izendegian ez dira aintzat hartzen»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 00:00

«Amparitxu ez onartzea eta Gabriel Celaya poetaren bustoarekin partekatzea ez da nahikoa eta konnotazio matxistak ditu», dio PSE-EEk.

Talde sozialista «erabat atsekabetuta» agertu da kale izendegian emakumeak ikusarazteko eta aintzatesteko orduan. Ohar batean, Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, bere taldeak 27 proposamen baino gehiago aurkeztu zituen emakumeen izenekin, egindako lorpenengatik, gizarteari ekarpen haundia egin diotenak. 


Cresporen esanetan, «proposatzen ditugun izenen artean Esther Lopez Arroyo nabarmentzen da, 6 Superkopa, 10 Superliga, 8 Erreginaren Kopa eta Champions League bat irabazi zituen boleibol jokalari profesionala. Beti 18 zenbakiarekin jokatzen zuen», beraz, udal talde sozialistak Hernaniko kiroldegiak bere izena eramatea eta pista nagusia 18 zenbakiarekin berrizendatzea proposatu zuen. «Futbol jokalari profesional batek Estherren lorpenak lortu izan balitu, udalerri osoan goraipatuko litzateke». 


Horrez gain, Maialen Lujanbio, Gracia Querejeta zinema zuzendaria eta Amparo Gaston Amparitxu poeta eta intelektuala ere proposatu zituzten. 


PSE-EEk ekainaren hasieran Hernaniko Berdintasun Kontseiluari proposatutako izen partikular eta emakumeen kolektiboen artean, bakarra onartu da, eta Amparitxurena da. Hala ere, bere izena ez da bakarka leku publiko batean izango, Gabriel Celayaren bustoa altxatzen den eskulturan aipamen bat egingo da. Cresporen ustez, erabaki horrek «konnotazio matxista du. Egia da Amparitxu publikoki ezagu egin zela, ez bere lan intelektualagatik, Gabriel Celayaren kolaboratzailea izateagatik baizik, poetaren itzalean beti ezkutatuta eta baliogabetuta geratuz. Baina Amparitxu, Celayaren laguna baino askoz gehiago izan zen, berarekin hiru liburu sinatu zituen, poemak ere idatzi zituzten elkarrekin eta Norte izeneko poesia bilduma bat sortu zuen».

«Hausnartu dezagun eta eman diezaiogun Amparitxuri dagokion lekua»
Horregatik, EH Bilduren udal gobernuari «eskatzen diogu hausnartzeko eta Amparitxuri dagokion lekua emateko; izan ere, bere lan 'isilari' esker lortu zuen Gabriel Celaya poetak arrakasta haundiena. Celaya enbaxadorerik onena izan zen, etengabe bere jatorria aldarrikatu zuen eta bere bikotekideak beti babestu zuen. Bere azken keinua poetaren errautsak bere herrian barreiatzea izan zen.


PSErentzat «garrantzitsua da emakumeen izenak gure kale izendegian presentzia haundiagoa izatea, gure udalerria bidezkoagoa izan dadin, sozialistok proiektu honetan ilusioz inplikatu gara proposamen kopuru hain haundia aurkeztuz. Hernaniko kaleak gizonezkoen lurraldea dira ia erabat eta emakumeen bazterketa nomenklaturan iraultzen saiatu behar da. Horrela, udalerri honek emakumeekin duen zorra kitatzen saiatzen gara. Azken batean, Hernaniren feminizazioa sustatzen dugu eta lan horretan udal gobernuak beti aurkituko gaitu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!