Zero Zabor Hozkailuak helburuak aise beteta amaitu du ikasturtea

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 00:00

Elikagaiak ez xahutzeko eta kontzientziazioa haunditzeko helburua ere badu eta guztira, Aratz eta Langileko jangeletatik hilabete batean sobratu den janariarekin 880 tupper bete dituzte eta herritarren eskura jarri dira.

Hernaniko Udalak herriko bi ikastetxerekin batera -Aratz eta Langile- egindako Zero Zabor Hozkailua proiektu pilotuaren balantzea egin dute eta pozik agertu dira emaitzarekin. Hondakin organiko gutxiago sortzea eta janaria ez xahutzea da proiektu honen helburu nagusia eta hori lortu dute.

Datuak bildu diren egunetan Aratzen 368 tupper bete dituzte eta Langilen, 512. Guztira, 880 janari tupper ontziratu dituzte denbora tarte horretan. Ondorioz, 270 kilo elikagai ez dira alferrik galdu ekimen eta proiektu honi esker. 
Proiektu pilotuan parte hartu duten guztiek datorren ikasturtean jarraitzeko asmoa agertu dute. Proba pilotuaren datuak estrapolatzen badira, ikasturte osoan ia bi tona elikagai (1.890 kilo) aprobetxatuko dira Zero Zabor Hozkailuari esker. 
Proiektu pilotuaren iraupena 35 egunekoa izan da. Aratz ikastetxean maiatzaren 5ean hasi ziren eta hil horren 31 arte parte hartu dute. Langile ikastolan, ordea, maiatzaren 17an batu ziren ekimenera eta ekainaren 18 arte aritu dira. 

Udala eta ikastetxeen arteko elkarlana sendotu da
Elikagaiak ez xahutzeaz gain, beste abantaila batzuk izan ditu proiektuak. Esaterako, Udala eta ikastetxeen arteko elkarlana sendotu da, eta ikastetxeen inplikazioa oso haundia izan da. Ikasleen motibazio haundia ere nabarmendu dute ikastetxeetako arduradunek. Beraz, hezkuntza komunitateak eta herritarrek elikagaien xahutzeari buruzko kontzientzia garatu dute honi esker. 
Ikastetxeak, bestalde, duten janariaren soberakin haundiaz jabetu dira eta menu kopurua doitzeko neurriak hartu dituzte. Proiektu pilotuak iraun duen bitartean, inoiz ez dira tupperrak soberan geratu. 

Profil oso desberdineko pertsonek erabili dute, gainera. Proiektuaren xedeetako bat zen erabilera herritar guztiei zabaltzea, diru-sarrera gutxi duten pertsonen estigmatizazioa ez sustatzeko. 

Zero Zabor Hozkailuaren ekimenak, gainera, Euskal Herriko hainbat komunikabideren interesa piztu du, proiektu aitzindaria delako. 

Horrekin batera, Kataluniako Generalitateko Hondakinen Zerbitzuko arduradun talde bat ere Udalarekin harremanetan jarri da Hernani bisitatzeko eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Bidea egin du proiektuak eta gainera ateak zabaldu ditu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!