Garayar autobus enpresak agur esango dio gaur bere zerbitzuari

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 00:00

1953tik Andoain, Urnieta, Hernani eta Donostia lotu dituen autobus linearen kontzesioa gaur amaitzen da eta eskerrak eman nahi ditu.

Garayar Autobusak izan da 1953tik gaur arte Andoain, Urnieta eta Hernani Donostiarekin lotu dituen autobus-linearen kontzesioa izan duena. Julian eta Rosario Garayar anaiak hasi ziren lan horretan eta ondorengo Garayartarrek eman diote jarraipena hirurogeita zortzi urtez.


Kontzesio guztiek dute, baina, hasiera eta amaiera, eta «gureak ere bai. Iritsi da agur esateko ordua».


Hainbeste urteren ondoren, «gure esker ona azaldu nahi diegu bezero guztiei, eman diguten tratu onarengatik eta adierazi diguten leialtasunagatik. Oso eskertuak gaude herritarren gehiengoaren aitortza jaso dugulako».


«Saiatu gara gure herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen, herrien arteko joan-etorriak errazten, eta espero dugu gure hondar alea jarri izana, nahiz eta jakitun garen bezeroen behar guztiak ez genituela aseko» aipatzen dute agurreko gutunean.


«Ahalegina egin dugu urte guzti hauetan langile kualifikatuak kontratatzen eta kalitatezko zerbitzua emateko autobus onenak erosten, era guztietako pertsonentzat irisgarriak izan daitezen».

Langileak jarraituko dute
Baina, esan bezala, iritsi da amaiera. Gaur, 2021eko ekainaren 30a izango da azken lan eguna, eta hortik aurrera, kontzesioa hartu duen enpresa berriak ekingo dio zerbitzuari, «eta gaur arte gurekin ibili diren langileak beraiek izango dira zerbitzua ematen jarraituko dutenak».
Ibilbide luze honetan izan dira garai onak eta txarrak, nahiz eta, azkenean, onak gailentzen diren beti; ezin ahaztu, ordea, egun gainditua dagoen gatazkak eragindako une gogorrak eta zailak.


«Pena haundiz, baina, gaur agur esatea tokatzen zaigu Garayartarron bigarren belaunaldi honi. Agur, gure zerbitzua erabili duzuen hainbat eta hainbat herritarri».


«Segituko dugu, nolabait ere, jarduerari lotuta, Gipuzkoako beste zonalde batzuetako kudeaketa lanak amaitu ez ditugulako, baina, lotura haundieneko zonalde honetako ardurari iritsi zaio azkena. Eskerrik asko denoi zuen konfiantza eta leialtasunagatik. Egin ditugun okerrak eta hutsegiteak, berriz, barkatuko dizkiguzuelakoan, agur».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!