Azeri Dantza, biziki maite dugun jolasa

Juanjo Uria Zubiarrain 2021ko eka. 29a, 00:00

1735 eta 1775ean jada, azaltzen dira Azeri Dantzaren aipamenak, Udal Artxiboan. Aita Larramendi, Humbolt eta Iztuetak aipamen garrantzitsuak egin dituzte bere inguruan.

Udal artxiboan, 1735 eta 1775ean jada, azaltzen dira Azeri Dantzaren aipamenak. Beraz, dantzaren jatorria XVII. mendekoa izan daitekeen arren,  seguru asko dantza festa hau XVIII. mendetik aurrera koka dezakegu.  Dantza herrikoia eta txistuaren musika-doinuarekin dantzatzen eta ospatzen dena urtero Hernanin, bai San Joanetan eta baita inauterietan ere. 


Hainbat jende ospetsuk egin du azken mendeetan aipamen garrantzitsurik Azeri Dantzaren inguruan, nahiz eta azpimarragarrienak, Aita Larramendi andoaindarrak, Humbolt-ek eta Iztueta zaldibiarrak egindakoak izango diren. Aita Larramendik –gure kultura eta euskararen sustatzaile sutsu izandakoa–, 1754an argitaratu zuena; Potsdam-en jaiotako Wilhelm Von Humbolt idazle eta lingüista sonatuak ere egin zuen dantzaren aipua 1801ean, euskarari buruzko ikerlanak egiten zituen bitartean; eta baita Juan Ignazio Iztuetak ere –euskal tradizio eta kulturaren biltzailea–, 1824an eta geroxeago ere,  idatzita utzi zituen dantzari buruzko azalpen argigarrien bidez.  XX.mendearen hasieran Aita Donostiak ere –Hernaniko Pablo de Zubillagak emandako datuekin–, utzi zituen azalpenak orduko inauterietan egiten zen Azeri Dantzari buruz. 

Azeri dantzaria 1988an agertzen da lehendabiziko aldiz eta 1987tik neskak, inauterietako gaztetxoen Azeri Dantzan
1988tik, Luis Telleriak sortutakoari esker, burua azeri larruz estalia agertzen da Azeri dantzaria, eta sasoi onenean dauden 16-18 lagun inguruko gazte taldea Gudarien Plazatik abiatzen da  –lehen, gizonezkoak soilik eta orain emakumeak ere, behar duen bezala. Inauterietan, gaztetxoen Azeri Dantzan 1987tik dira partaide neskak eta helduen artean berriz, 1997tik da mistoa–, denak soka luze eta sendo batera lotuak esku batekin eta beste eskuan maskuri bana dutela –hortik, Azeri Dantza, Maskuri Dantza bezala ere ezaguna izatea–, jendearen gerrialde, bizkar, ipurdi eta hankak berotze aldera, astindu zuzen eta ederren bidez. Ikusmin handia sortzen du herrian eta jendez gainezka jartzen da herriko erdigunea.


Jolas honen grazia, batez ere, sokako jotzaileak denen bistan egotetik, bat-batean, ezkutatu edo desagertzen direnean iristen da. Jendeak ez daki nondik azalduko diren eta agertzen direnean –kaleetako edozein zoko, ertz, soto, atari, bazter, denda edo izkinetik–, jendea ezustean harrapatzen saiatzen dira eta ikusgarria izaten da, joaldi bakoitzean, han sortzen diren oihu, garrasi, burrunba eta orroak, batez ere, jendea konturatzen denean, sokaren barruan itxi eta inguratu dituztela eta sokakide 'beldurgarrien' mende daudela.

'Idiarena'-ren bi doinu sartzen dira Gudarien Plazan
Kale-buelta amaitutakoan, plazan, dantza egiten da eta sokako guztiak salto egin eta maskuriak lehertzen dituzte. Txistulariek jotzen duten musika-doinuen inguruan esan behar da, doinu nagusia, Iztuetak 1826an argitaratuta utzi zuen partitura bera dela eta 1970-80garren hamarkadetan egin ziren aldaketen artean, Idiarena bezala ezaguna den bi doinu sartzea erabaki zela, zerbait desberdina joz, giroa alaitzeko. Idiarena doinuak Joxe Ansorenak pasa zizkien txistulariek baina ez dira berak konposatuak, herrikoiak baizik.


Hernaniarrok biziki maite dugu jolas hau eta bertso batzuk merezi zituela pentsatu nuen behin. Aurretik esan dezadan, ordea, lantxo hau osatzeko hainbat apunte Xabier Iriartek idatzitakotik eta Patxi Apezetxeak esandakotik hartu ditudala (mila esker bioi).

Doinua: Txoriak eta txoriburuak

1.
Ezaugarri bat badauka behintzat
beste guztien gainetik:
taldea arin desagertzen da 
kaleko jende artetik,
ta ezkutatu arren askotan
kaleko kantoi batetik,
ziztu bizian azaltzen dira 
gero kontrako aldetik.

2.
Eta saiatzen dira jendea
harrapatzen ezustean,
denak beldurtu daitezen azkar
sokakoak ikustean,
hauen zeregin bakarra datza
indarra erakustean,
maskuriak, zast!, jende askoren
gerrialdean haustean.


3.
To!, bat-batean azaldu dira, 
maskuri guztiak goian, 
sokaren bueltan neska-mutilak
guztiak sasoi-sasoian,
jende multzo bat inguratuta
daukate kale-kantoian,
erruki eske dauzkate baina,
ezin sartu arrazoian.

4. 
Ta, nahi duenak Azeri Dantzan
astinaldia saiestu,
jarri dezala arreta eta
ibili dadila prestu,
ze, inguratzen baldin badute
ta erdian hartu estu,
barkatu baina, hortik aurrera,
erremediorik eztu.

5.
Ta harrapatzen bazaituzte zu
lehenengo gauza pentsatu, 
haserretzea alperrik dela
ezin duzula kexatu,
ondokoari besotik heldu
eta arnasa luzatu,
patxada inoiz ez galdu eta
dakizuna errezatu.

6. 
Ta amaiera ematen zaio
goiko Gudarien Plazan,
denek ederki asko pasata
Azeri Dantzaren saltsan,
herrikoia den 'Idiarena'. 
musikaren doinu martxan,
maskuri denak leherrarazi
eta Azeria dantzan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!