Irazustabarrenak, Arrietak eta Arizkorretak, txapela asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 00:00

Ariane Arrieta eta Amaia Irazustabarrena, txapela jantzita.

Emakume Master Cup irabazi zuten Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak, eta Gipuzkoako Txapelketa Xabier Arizkorretak.

Asteburu borobila izan da joan dena, palista hernaniarrentzat; finalei dagokienez behintzat: jokatutako biak irabazi dituzte. Batetik, pelota egokituko Gipuzkoako Txapelketako finala irabazi zuen Xabier Arizkorretak, larunbatean Zumaian. Hernaniarrak 25-22 irabazi zuen Iraitz Huegunekin batera, Eneko Sagarmendiren eta Haritz Lertxundiren kontra.

Eta bestetik, Emakume Master Cupeko finala irabazi zuten Amaia Irazustabarrenak eta Ari­ane Arrietak, Etxarri-Aranatzen: 25-17 nagusitu zen bikote hernaniarra, Ane Isasmendiren eta Irati Ruiz de Azuaren kontra.

Frontoia txiki geratu zen, bildutako pelotazale guztiak hartzeko, eta osasun protokoloari jarraituz, kanpoan geratu behar izan zuten batzuek. Edonola ere, Navarra Television katean ikusi ahal izan zituzten finalak, zuzenean. Bi final jokatu ziren bertan, eta maila ederra eskaini zuten zortzi protagonistek, sortutako ikusminari erantzunez. Oso lehiatuak izan ziren bi finalak. Elitekoan aritu ziren Irazustabarrena eta Arrieta, eta markagailuak erakutsi zuena baino gehiago kosta zitzaien garaipena lortzea. Izan ere, 17na berdinduta ere izan ziren, eta ordura arte, oso parekatua izan zen lehia. Azkeneko zortzi tantoak, ordea, hernaniarrek lortu zituzten, beraien ofizioa eta kalitatea agerian utzita.

Irekian, asteburu txarra

Bestalde, Irekia Txapelketako partiduak ere izan zituzten palista hernaniarrek. Etxean aritu ziren, Hernaniko kiroldegian, larunbat arratsaldean; baina ez zuten egun ona izan. Jokatutako sei partiduetatik, bi bakarrik irabazi zituzten. Ane Kerejetak eta Garazi Urdangarinek 30-19 irabazi zuten, eta Nahia Eizmendik eta Eider Otaegik 30-26.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!