San Joanei agurra, asteburuko ekintzekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 00:00

Sua eta akrobaziekin, aho zabalik utzi zituzten etxeko txikiak larunbat arratsaldean. GIro paregabea jarri zuen 'Indartsuak' kale ikuskizunak.

Igandean eman zitzaien amaiera Hernanin hain maiteak diren San Joanei, eta asteburuko hainbat momentu izoztu ditu Kronikak. 

Ohiko San Joanak ospatu ez badira ere, kultur emanaldiz osatutako programazio anitza izan da aurtengoa, hala nola, dantza, ikuskizunak, musika, kontzertuak, antzerkiak... 

Larunbatean, etxeko txikientzat, Ametsen urtebetetzea ospatu zen Atsegindegin, Kantu Kolore taldearekin eskutik, eta argi gelditu da, herriko gaztetxoek, ederki abesten dutela. Kultur emanaldiak bakarrik ez, kirola ere egin zen San Joanetan. Izan ere, San Joan txapelketan, ederki pasa zuten errugbiko neskek. 
Doinuz eta bertsoz girotzeko denbora ere egon zen larunbat eguerdian, antolatutako Bertso jaialdiarekin. Bertan izan ziren Amaia Agirre, Jon Maia, Uxue Alberdi eta Eñaut Martikorena. 

Arratsaldean, ekintza gehiago eskaini ziren, eta haien artean, azpimarragarria izan zen Puro Relajo talde nafarraren kontzertu «arrakastatsua». Larunbateko kultur emanaldiei, Zetak kontzertuarekin eman zitzaien amaiera, kiroldegiko pistan. 

Igandeko eguraldi txarrak, Baldin bada kale ikuskizuna atzeratzea eragin bazuen ere, gainontzeko emanaldi eta ekintza guztiak aurrera eraman ziren, besteak beste, oztopo lasterketa. 

Osiñagako musika kontzertua, Itxasburun zen egitekoa, baina euria zela eta, Arriatxu ikastolan egin zen, eta ederki pasa zuten auzotarrek. 
Arratsaldean, Biterin, Suharra dokumentala proiektatu zuten arratsalde bero bat pasatzeko asmoarekin. Eta aurtengo San Joanei amaiera emateko, Maduixa Teatre konpainiaren eskutik, Mulïer dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten herriko txiki, gazte eta helduek. 
San Joanetako argazki eta bideo bildumak daude ikusgai Kronika.eus webgunean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!