«Urtea kontzerturik gabe pasa eta gero, gogoz gainezka gaude»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 26a, 00:00

Musika Eskolako ikasleek emango dute kontzertua, Osiñagan.

Hernaniko Musika Eskola Publikoko ikasleek emanaldia eskainiko dute bihar, 12:00etan, Itxasburu ondoko aparkalekuan.

Hernaniko San Joanen barruan, Osiñaga auzoan, Hernaniko Musika Eskolako gazte talde batek emanaldia emango du, bihar, 12:00etan, Itxasburu sagardotegiko bide ondoko aparkalekuan.  Ondoren, auzo elkarteak bazkari bat antolatu du sagardotegian bertan. 


Musika eskolako ikasleekin batera, herriko musikariek euren doinuak zabaldu dituzte pasa den egunetan herriko auzoetan barrena. Txistulari eta Musika Banda auzoz auzo ibili dira San Joanetan eta oraindik musika emanaldi gehiago egongo dira herrian. Horien barruan kokatzen da gaur Musika Eslokako ikasleek eskainiko dutena. Gainera, Udalak antolatu duen kultur egitarauaren azken emanaldia izango da eta horrek ere badu esanahia.

«Eguraldi ona egiten badu, Itxasburu ondoko aparkalekua leku zoragarrria da; eta, gainera, emanaldi berezia izango da. Nahi adina pieza ditugu prest, azken kontzertua 2020ko martxoaren 8an eskaini eta gero»


Haritz Ezeiza eskolako irakasleak kontzertuaren nondik norakoak azaltzen ditu. «Euskal instrumentuen inguruan antolatutako kontzertua izango da. Erromeri taldetxo bat dugu Musika Eskolan eta partaide denak instrumentistak dira, bat baino gehiago jotzen dituzte. Beraz, emanaldian entzungo dira dultzainaren doinuak, alboka, txistua, trikitixa, xirula... Instrumentuen erakusketa bat izango da eta, ondoren, erromeriko errepertorioa etorriko da», denen gozamenerako.

«Instrumentu bakoitzaren azalpena emango da»
Instrumentuak banaka-banaka ikusiko dira eta bakoitzaren azalpen bat emango da. «Nondik datozen, funtzionamendua nolakoa den eta zertarako erabiltzen diren eta gero, denak batera uztartuko ditugu». Aurretik banaka joko dira. 


Guztira, Musika Eskolako hamar ikaslek hartuko dute parte kontzertuan Ezeizarekin batera. «Polita izango da. Lekua ere oso atsegina da eta emanaldiak ordu betetik gora iraungo du».


Hala ere, duten errepertorioak hiru ordutarako ematen omen du «erraz»; eta gogo haundia dute ikasturte osoan kontzerturik eman gabe egon eta gero. «Aurreneko kontzertua izango da eta agintzen diguten ordutegira mugatu arren, orduak pasa ditzakegu jotzen».

«2020ko martxotik ez dugu kontzerturik eskaini. Biharkoa izango da lehenengoa» 
Ondorengo bazkarian ere egongo dira eta sabela bete eta gero «animatuko gara giroa berotzen gure doinuekin. Gauza ederra izango da».
Urte osoan entseguetan aritu dira, errepertorioa lantzen eta zabaltzen. «Nahi adina pieza ditugu prest».

«Euskal instrumentuen inguruan antolatutako emanaldia izango da: dultzaina, alboka, txirula, txistua, trikitixa... Instrumentuen erakusketa bat izango da eta, gero, erromeria»


Pandemiak emanaldi guztiak bertan beherra utzi zituen. «Azken kontzertua 2020ko martxoaren 8an eman genuen». Beraz, 15 hilabete egon dira beraien lana jendaurrean plazaratu gabe. «2019ko abenduan Sagardo Apuruan eskaini genuen emanaldia; ondoren, Oiartzunen eta martxoaren 8an, Errenterian aritu ginen. Orduztik, ezer ere ez».


Alde horretatik, Haritz Ezeizak ez ditu hartu diren erabaki asko ulertzen. «Musikari profesionalek posible izan dute lanean jarraitzea, baina musika eskoletako musikariek, ez. Badirudi amateurrak kutsatzen dutela eta profesionalak ez». 


Horrexegatik, gogoak izugarriak dira doinuak entzuteko. «Tope, gogoz gainezka gaude». Kontzertua Osiñagako festen parte da, baina San Joanetan txertatuta, egoerak baldintzatuta. Horrek, auzotarrak mugituko ditu eta giro ederra sortuko da. «Eguraldi ona egiten badu, tokia zoragarria da eta, gainera,  emanaldia berezia da. Horrelako kontzertuak gutxi aurkitu daitezke». Seguru jendeak gozatuko duela.


Ikasturte berrirako normalkuntza itzultzea espero da eta emanaldiak ere, irailetik aurrera, gehiago izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!