Hernani azken trakaren zain, gaurko eta biharko ekintzekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 26a, 00:00

Aurtengo San Joanetako azken egunak dira gaurkoa eta biharkoa; eta egitarauari jarraipena emateko, ekintza ugari izango dira herrian. 

Heldu gara, dagoeneko, aurtengo San Joanetako azken txanpara. Orain arteko egunetan, denetarik egiteko aukera izan dute hernaniarrek. Besteak beste, txistulariak, dantza, musika emanaldiak, antzerkiak… Ekintza ugari izan dira herrian. Eta asteburuan, egitarauari amaiera borobila emateko, beste hainbat jarduera ere izango dira herritar guztientzat. Gaurkoan, txakur erakusketa, Kantu Koloreren emanaldia, bertso  jaialdia eta beste asko izango dira. Eta, bihar, Baldin bada kale ikuskizuna, musika emanaldia Osiñagan, Suharra dokumentala eta Mulïer dantza emanaldia izango dira.


Aurtengoan ere, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat prestatu dute plangintza. Modu horretan, hernaniar guztiek izan dute aukera urteko asterik berezienaz behar bezala gozatzeko. San Joan sariak irekiko du gaurko eguna, goizean goiz. Txantxangorri elkarteak antolatuta, txakur erakusketa izango da Xoxokan, 09:00etan. Ondoren, 11:00etan, Kantu Kolorek Ametsen urtebetetzea emanaldia eskainiko du, Atsegindengin. Haurrentzat zuzendutako saioa da, baina helduak ere gonbidatuta daudela azpimarratu dute, «ondo pasatzea» baita taldearen helburua. Jarraian, bertso jaialdia izango da Biteriko plazan. Hernaniko Bertso Eskolak antolatu du, eta 12:00etatik aurrera, bertsotan arituko dira Iker Zubeldia, Amaia Agirre, Eñaut Martikorena eta Uxue Alberdi. Gai jartzaile lanetan, berriz, Agin Laburu izango da. Hori ez ezik, bertso jarriak entzuteko aukera ere izango dute ikusleek; horretan arituko dira Joxe Luis Urdangarin, Garazi Urdangarin eta Asier Azpiroz Axpi. 

Ikusleak, 360 gradutara
Aipatutakoaz gain, eguerdian ere, La Nordika konpainiaren Rojo estándar kale ikuskizuna izango da gaur. 12:30etan jarri dute horretarako hitzordua, Karabelen. Gustavo Adolfo Béquer poetaren esaldi batekin aurkeztu dute ikuskizuna: «Maitasuna misterio bat da. Horrengan dena agerpenak dira eta ezin dira hitzekin deskribatu; ez dira logikoak, lausoak eta absurduak dira». Darío Dumont-ek eta Greta Garcíak dantza eta zirkua uztartuko dituzte emanaldian. Aurreratu dutenez, agertoki surrealista bat aurkeztuko dute: «koloreek euren erritmoa zehaztuko dute ikuskizunean; eta maitasuna, zirkuaren eta dantzaren bidea jarraituta, emanaldi osoko gakoa izango da». Gainera, ikusleek borobilean ikusiko dute saioa, emanaldiaren logika jarraitzeko: «ikuslea 360 gradutan kokatzeko, erabat zirkularra den obra bat aurkeztuko dugu. Maitasunean eta bizitzan gertatzen zaigun bezalaxe, jira eta bira arituko gara; mugimenduen bidez, emozioetatik barrena bidaiatuko dugu». 


Bazkal ostean, arratsaldeko ekintzen txanda helduko da. Circo Chosco konpainiaren eskutik, Indartsuak kale ikuskizuna izango da. Oraingo honetan, Portu auzoan eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, 19:00etan, Puro Relajo taldearekin mariatxiak ezagutuko dituzte hernaniarrek, eta bestelako bertsioak eta abestiak aurkeztuko ditu talde nafarrak. Eta, eguna ezin hobe amaitzeko, Zetak talde ospetsuak kontzertua eskainiko du kiroldegiko pistan, 22:00etan. 


Bihar, Shakti Olaizolaren Baldin Bada kale ikuskizuna izango da 12:00etan. Horrez gain, musika emanaldia Osiñagan, Suharra dokumentalaren proiekzioa Biterin eta Mulïer dantza ikuskizuna izango dira, azken hori Atsegindegin, egitaraua amaitzeko.

 

EKAINAK 26
09:00, Txakur erakusketa, San Joan saria, Xoxokan.
11:00, Kantu Kolore taldearen ikuskizuna, Atsegindegin.
11:00, Errugbiko Emakumezkoen San Joan Torneoa, Landaren: Hernani, Durango, La Unica eta Bera Bera.
12:00, Bertso jaialdia, Biteri plazan: Jon Maia, Amaia Agirre, Eñaut Martikorena eta Uxue Alberdi. Gai-jartzailea: Agin Laburu. Bertso jarriak, Joxe Luis Urdangarin, Garazi Urdangarin eta Asier Azpirozen eskutik.
12:30, La Nordika konpainiaren 'Rojo estándar' zirku-dantza ikuskizuna, Karabalen.
18:00, Circo Choscoren 'Indartsuak' ikuskizuna, Portu auzoan.
19:00, Puro Relajo taldearen emanaldia, Atsegindegin.
22:00, Zetak taldearen kontzertua, kiroldegiko pistan.
EKAINAK 27

12:00, Shakti Olaizolaren 'Baldin Bada' kale ikuskizuna, Martindegin.

12:00, Musika Eskolako emanaldia Osiñagan, Itxasburuko aparkalekuan.

18:00, 'Suharra' dokumentalaren proiekzioa, Biterin.

19:30, Maduixa Teatre konpainiaren Mulïer dantza ikuskizuna, Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!