Koadrilan edo familian, zirku ikuskizunak gozagarri gaur auzoetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 00:00

Herritar bat ere egin zuten ikuskizunaren parte, 'Kutxa baten istorioak' emanaldian.

'Mikra' eta 'Korapiloak' zirku ikuskizunak, 'No es país para negras' bakarrizketa eta Joseba Tapiaren kontzertua izango dira, koadrilen eguna izaten den honetan.

Egun berezia izaten da gaurkoa, Hernaniko koadrilentzat. Baina ez da brindis kolektiborik izango gaurkoan, eta ezta bazkaririk ere, ondoren. Baina horren partez, izango dute zerekin gozatua, koadrilan edo familian.

Musika eta dantza izan ziren protagonista nagusiak, atzokoan. Txistulari Bandaren eta Musika Bandaren doinu alaiek esnatu zuten herria goizean, eta kontzertu berezia eskaini zuten eguerdian ere, Atsegindegin, Donostiako txistulariekin batera.


Anje Duhalderen eta Fermin Valenciaren goxotasunak erakarri zituen herritarrak arratsaldean. Eta Sua taldearen kontzertuak borobildu zuen San Joan eguna, iluntzean kiroldegian.


Tartean, Amaia Elizaranen dantza ikuskizunak bete zuen Biteriko aretoa eguerdian; eta haur eta heldu bildu zituen Txantxillako plazan Trotamundos konpainiak, Kutxa baten istorioak emanaldiarekin, arratsaldean.





Gaur, ordea, musikarik ere izango den arren, zirku ikuskizunek hartuko dute protagonismoa, auzoetan. Mikra eskainiko du Berdinki konpainiak Gabriel Zelaia plazan, eta Korapiloak Rojo Telónek Zikuñagan. Amher elkarteak ere, gaurko jarri du hitzordua: No es país para negras arrazakeriari buruzko bakarrizketa eskainiko du Silvia Albert Sopalek. Aldez aurretik eskuratu behar dira gonbidapenak.

Eta atzo bezala, musikak jarriko dio ginda egunari, kiroldegian: Joseba Tapia eta banda ariko dira, eta azkeneko gonbidapenak eskuragarri daude, kultura.hernani.eus webgunean edo Biteriko harreran.

GAUR, San Joanetan

11:00, Haurrentzako puzgarriak, Atsegindegin.

11:00, Meza, Elorrabiko zubiaren ondoan, 1978ko ekainaren 25ean hil zirenak oroitzeko.

18:00, 'Mikra' kale ikuskizuna, Gabriel Zelaia plazan, Berdinki konpainiaren eskutik.

18:00, 'Korapiloak' ikuskizun familiarra, Zikuñaga auzoan, Rojo Telón konpainiaren eskutik.

18:30, 'No es país para negras' bakarrizketa, Biterin, Silvia Albert Sopaleren eskutik. Amher elkarteak antolatuta. Gonbidapenak: amhersosarrazakeria@gmail.com edo whatsappez 650 294 390.

20:00, Joseba Tapia eta bandaren kontzertua, kiroldegiko pistan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!