«Zerbait ikasi badugu pandemia garai honetan, da kulturaz gozatu dezakegula parrandarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00
Xabier Lertxundi alkatea, Hernaniko udaletxean, bere bulegoko balkoian.

Dei berezia luzatu die Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak herritarrei, datozen egunetarako antolatu diren ekitaldi kulturalez «gozatu bai, baina zentzuz jokatzeko».

Ez dira ohiko San Joanak izango aurten...

Aurreko urtean txupinazo sinboliko bat egin genuen, streaming bidez emititu genuena, ikusten genuelako animo mezu bat bidali behar genuela nolabait. Aurten, ordea, lekuz kanpo ikusten genuen. Pilaketak ekidin behar ditugu, ez gaude lehengo urteko egoeran, eta mentalki ere beste egoera batean gaude. Horregatik, erabaki dugu ohiko festei erreferentzia egiten dien edozein ekitaldi ez egitea. Eta horren ordez, ekitaldi kulturalak egitea.

 

Beraz, izango da zerekin gozatua egun hauetan, ezta?

Lehengo urtean ere egin genituen ekitaldi kulturalak, eta aurten askoz ere zabalagoa izango da programazioa, auzoetara ere asko dibertsifikatu dena. Eta oso pozik gaude, esan digutelako sarrera asko eta asko agortuta daudela. Beraz, ekitaldi kulturalez gozatu bai, baina festez bere horretan ezingo dugu disfrutatu, ez direlako izango. Indarrean dauden neurriak, gustatu edo ez, bete egin behar ditugu, ez gaudelako osasun egoera normalean. Gogoan izan behar dugu hori.

 

Neurri batzuk arinduta, parrandarako gogoz izango dira batzuk. Badaukazue beldurra, zentzu horretan?

Kontziente gara arriskua badagoela. Urtebete baino gehiago daramakigu pandemian, eta denok daukagu normaltasunerako gogoa. Udara dator, eta neurriak arintzen doazen heinean, sentsazioa daukagu egoera hobetzen ari dela. Egia da, datuak nahiko onak direla Hernanin, baina pandemia baten barruko datuak dira, azken batean. Eta kontziente gara jendeak gogoa izango duela egun hauetan parranda egiteko. Antolatu dugun programak, ulertzen dugu ez du­ela bide ematen horretarako. Eta zerbait ikasi badugu garai honetan, da kulturaz gozatu dezakegula parrandarik gabe. Tabernak ordu biak arte egongo dira zabalik, legeak hala ezartzen duelako. Ordura arte gozatu daiteke, baina hortik aurrera ez da ekitaldirik egongo. Jendearen esku geratzen da zer egin. Beldurra badaukagu, zer gerta daitekeen. Eta dei egiten diogu jendeari zentzuz jokatu dezan, arazo gehiago ez izateko.

39ko intzidentzia tasa daukagu Hernanin, eta horrelako ta­sa bat ez dugu izan hilabetetan. Pasa ditugun egoerekin konparatuta ondo gaude, baina ez genuke 39ko hori ere izan beharko. Eta repunteak ere oso azkar ematen dira. Adituek diotenarekin, badago esperantza puntu bat, baina zuhurtziaz.

 

Lasaiagoa izango da udara?

Espero dut baietz, eta hala izango da ziurrenik. Beste modu batekoa da Hernani udaran, askoz ere lasaiagoa. Beharbada neurriak ere gehiago arinduko dira. Eta jendeak behar du, horretaz kontziente izan behar dugu. Estres maila haundia izan da hilabete hauetan. Batzuk kutsatu direlako; beste batzuk lana galdu dutelako edo negozio bat ezin aurrera atera dabiltzalako; edo senide bat hil eta despeditzerik izan ez dutelako. Oso gogorra da, gaixoa ospitalean izan eta azkeneko momentuan eskua ematera joaterik ez izatea. Egoera horiek guztiek eragin egiten dute pertsonalki, eta hori dena askatzeko moduak behar ditugu. Baina gauden egoeran gaude, eta oreka bat bilatu behar dugu.

 

Aisialdi aukerak ere izango dira herrian...

Igerileku irekiak zabalik daude, udalekuak eta kirol udalekuak egingo ditugu, eta kultur ekitaldi batzuk ere izango dira udaran. Iaz arrakasta haundia izan zuten, eta datozen egunetarako sarrera gehienak agortuta egoteak ere, erakusten du badagoela kultura egarri bat. Segurtasun neurri guztiekin, eskaintza bat egingo dugu, jendeak behar duelako eta eskertzen duelako; eta baita kulturaren sektoreak ere, bizirauteko. Apustua bikoitza da.

 

Legealdi erdia bete berri duzue. Nolakoa izan da?

Orain egin beharko genuke, berez, legealdi erdiko ohiko balorazioa. Baina ezin dugu ohikoa egin; pandemiari buruz hitz egin behar dugu, nahi eta nahi ez. Guk gobernu programa bat osatu genuen, hartutako konpromisoekin; baina ezin genuen aurreikusi pandemia bat izango genuenik. Lehentasun guztiak aldatu behar izan genituen, eta ikusi nola erantzun oinarrizko beharrei. Behar batzuk haunditu egin dira, eta beste batzuk sortu, oso oso oinarrizkoak direnak. Eta horiei erantzun behar die Udalak. Estres egoera horretan balorazioak egitea konplikatua da, baina orain, hilabete batzuk pasata, uste dut Udalak erantzun diela sortu diren beharrei, bere gauza on eta txar guztiekin. Eta balorazio positiboa egiten dut, egoera oso konplikatua zelako. Ikusita zein dimentsiotako problematika den, Udalak aurrera egiten jakin du.

 

Ia hasieratik harrapatu zintuzten pandemiak...

Orduantxe ari ginen 2019ko likidazioa egiten, positiboa zena; eta erabaki genuen 2020ko aurrekontua mantentzea, eta gerakina ere erabiltzea pandemiarako. Irizpide bat eman nuen: behar sozialei eta oinarrizko beharrei erantzuna eman behar zitzaien, eta gero egingo genituen kontuak eta ajusteak.

Pandemiaren hasierako estres horretatik, beste fase batean sartu garenean, saiatu gara gobernu programan hartutako konpromisoei erantzuten. Batzuk atzeratu egin dira, baina horiei berriro heltzen ari gara, gelditzen diren bi urte hauetan erantzuna emateko.

 

Zein dira bereziki gauzatu nahi dituzuenak, bi urte hauetan?

Gure ildoak dira pertsonen ongizatea, tokiko garapen jasangarria, eta mugikortasun eta irisgarritasun hobekuntzak egitea. Baina pandemia honek gauza asko erakutsi dizkigu, eta ezin diogu berriro heldu gure programari, pandemia ahaztuta. Gauza asko utzi ditu agerian, sistema honek zein hutsune dituen. Beraz, hiru oinarri horietan, txertatuko dugu ikasi duguna. Eta ikusi dugu, oinarrizko beharrei beste modu batera erantzun behar zaiela; sistema honek ez diela erantzuten, egoera batzuetan. Badauzkagu gauza potente batzuk ere. Tokiko garapenari dagokionez, Galarretaren garapenean motor izaten jarraituko dugu, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako Udalak paper hori hartzea. Obra oso inportante bat ere badaukagu Floridan. Lehen AMR fabrika zegoen tokian, etxebizitza promozio bat egingo dute; eta zubi azpiko paso bat egin behar da. Kontua da, trafiko haundi xamarra dagoela hor, eta promozioa egin ondoren, are gehiago. Beraz, handik errepide­rako irteera bat egingo dugu, eta hori izango da aurrekontuetan pisu gehien izango duen obra.

 

Horri guztiari aurre egiteko, zein osasun dauka Udalak, ekonomikoki eta animikoki?

Ekonomikoki, oso udal saneatua daukagu. Azken urteetako kudeaketak lagundu digu pandemiari erantzuten, eta Udalak ez dauka zorrik, gaur egun. Udal Gobernuarentzat, be­rriz, oso gogorra izan da hau kudeatzea. Baina hilabete hauetan egin dugu ariketa, egokitzeko eta txertatzeko ikasi duguna, gure hiru ildo horietan. Eta horrek ilusioa piztu du, benetan diot. Oso gauza potoloak dauzkagu esku artean, eta ikusi dugu herrian ere sortu direla dinamikak. Kontsumo talde bat sortu dute herritarrek; komunitate energetikoaren sorreran oso talde eragile potentea dago... Zaintzaren eremuan ere, oso proiektu potoloak eta berritzaileak dauzkagu esku artean. Ilusio haundia daukagu, eragileekin elkarlanean jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!