«Dantzatzeko, abesteko eta istorio polit batean murgiltzeko aukera izango dute ikusleek»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00

Kantu Kolorek 'Ametsen urtebetetzea' emanaldia aurkeztu zuen Erriberan.

'Ametsen urtebetetzea' emanaldia eskainiko du Kantu Kolore taldeak, larunbat goizean, Atsegindegin. Bertaratzen direnek, dantzatu, abestu, eta ondo pasatzeko aukera izango dutela ziurtatu dute taldekideek. 

Larunbat goizean, Kantu Kolore taldeak Ametsen urtebetetzea emanaldia eskainiko du, 11:00etan, Atsegindegin. Hernaniarren aurrean ikuskizuna aurkezteko «irrikaz» daudela azaldu du taldeko abeslariak, Maitane Salvadorrek. 

Haurrek gozatzeaz gain, edukiak barneratu eta hizkuntza bera ere lantzeko aukera ematen duzue, ezta?
Bai, noski! Kantu didaktikoak dira guztiak eta gurekin ondo pasatzeaz gain; bide batez, hainbat eduki barneratzeko aukera eta hizkuntza bera ikasi eta lantzeko aukera izaten dute.

Nola sortu zenuten proiektua? 
Ilusio haundia genuen halako proiektu bati ekiteko; eta lehendabiziko kantua atera genuenean, Zazpikolore, ikusi genuen erantzun bikaina izan zuela. Beraz, jo ta ke, Kantu Kolore sortu genuen. Helburua da kantu didaktikoak musika gaurkotu eta alaiekin ekoiztea. Martxa hartu genuen eta dagoeneko 2garren eta 3garren diskoak martxan ditugu!

Emanaldiak ez ezik, proposamen didaktikoak ere egiten dituzue, ezta?
Bai,  kantukolore.eus webgunean kanta guztien letrak, bideoak,  proposamenak, karaokeak,  eta koreografiak ditugu. Horrez gain, webgune horretan ere emanaldien berri  ematen dugu. Weborria edonori dago zuzenduta, baina badakigu  irakaskuntza munduan, batez ere, eskoletan, gure materiala asko erabiltzen dela. Hori da, hain justu, gure jomugetako bat.

Landutako zenbait gairekin sentsibilizazioa landu nahi al duzue?
Bai, hori da. Hauexek dira gai horiek, eta gai horietarako sortu ditugun lanak: besteak beste, eskola jazarpena (Nire gorputza da); transexualitatea (Ni naiz); haurren eskubideak (Zuekin); plastikoa eta planeta (Plastik, Esna zaitez...) mundu hobe bat eraikitzen laguntzen duten baloreak   (Denok batera); euskera sustatzeko  nahia (Euskara). Kanta guztiek helburu zehatz batzuk dituzte, eta musikaren bidez,  heztea dugu helburu.

Larunbatean, 'Ametsen urtebetetzea' emanaldia eskainiko duzue. Zer nolako ikuskizuna izango da? 
Ikuskizun musikal bat ikusiko dute hernaniarrek, eta  zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango dute. Gainera, dantzatzeko (lekutik mugitu gabe, gorputz perkusioarekin) eta abesteko aukera izango dute; eta, noski, istorio polit batean murgilduko dira. Ametsen urtebetetze egunean, Peru krokodiloa ezagutuko dute. Hala ere, ez dugu gehiago aurreratuko; misterio apur bat utziko dugu emanaldirako!

Gogotsu al zaudete San Joanetako egitarauan parte hartzeko?
Noski! Gogotsu, beti! Denon artean sortzen den hartu-eman zoragarriaz bustitzeko irrikaz gaude.


Hainbat balore ere lantzen dituzue emanaldi horretan, ezta?
Bai, eskola ere ez zaigu falta; baloreak uneoro antzemango dira gure kantu guztietan. Hori ere gure helburua da, 

Haurrei ez ezik, familia osoari zuzenduta ere badago, ezta?
Bai, hala da, haurrentzako ez ezik, hara hurbiltzen den guztiari ere zuzenduta dago. Momentu alai eta atsegina pasako duzuela ziurtatzen dizuegu. Anima zaitezte!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!