«Ederra» izango da, musika emanaldien itzulera, aurtengo San Joanetako egitarauan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00

Pello Reparaz, Zetak taldeko abeslaria, MIN sarietako trofeoarekin.

Zetak musika talde ospetsua oholtza gainera igoko da larunbat honetan. Gaueko 22:00etan jarri dute hitzordua, eta segurtasun neurri guztiak beteta, kiroldegiko pista jendez beteko dela aurreikusi dute antolatzaileek.

San Joanetako egitarauaren baitan, Zetak talde ospetsuak kontzertua eskainiko du ekainaren 26an, kiroldegian, gaueko 22:00etan. Plangintzako ikuskizun esperoenetarikoa da, eta segurtasun neurriak beteta, aretoa jendez betetzea espero dute antolatzaileek.

Pello Reparazek hernaniarrentzat abestuko du, eta bertaratzen direnek aukera izango dute entzuteko orain arte oihartzun haundia izan duten abestiak: besteak beste, Zeinen ederra izango den, Suziri bi, edota Errepidean. Gainera, gogotsu igoko dira taldekideak oholtza gainera; izan ere, euskerazko disko onenaren MIN saria irabazi berri du Zetak-ek. Beraz, garaipena hernaniarrekin batera partekatuko du taldeak.

Hain justu, Espainiako musika independentearen sariak banatu ziren ekainaren 16an Burgosen, eta euskal ordezkaritza zabala izan zen bertan. Besteak, beste, hantxe izan ziren Amorante, Gatibu, Liher, edota Nøgen. Euskerazko musikak kategoria berezitua du sari horietan, eta Etxepare institutuak ematen du. Aurtengoan, Zetak talde nafarra izan da garaile. Zehazki, Zeinen ederra izango den diskoagatik eskuratu du saria. Bere aldetik, Zetak-ek ez ezik  urteko rock album onenaren saria ere irabazi zuen Belako taldeak, Plastic drama diskoarengatik.

 

Ederra izango da itzulera

Saria eman dien abestiak dioen bezalaxe, «ederra» izango da itzulera. Joan den urteko San Joanetan, koronabirusa zela eta, bertan behera gelditu ziren aurreikusitako kultur emanaldi gehienak. Oraingo honetan, ordea, egoera hobetu denez, kultura segurua dela argi utzi nahi dute antolatzaileek eta ekintzetan parte hartuko duten protagonistek zein ikusleek.

Horixe bera baieztatzera etorriko da Zetak taldea, larunbat honetan, kiroldegiko pistara. Itxialdian, arrakasta haundia izan zuen Zeinen ederra izango den abestiak; eta taldekideak ez zeuden oker, itzulera ederra izango zela esan zutenean. Hain justu, zuzeneko musika da Pello Reparazek zuzendutako taldearen ezaugarri nagusia; eta denbora luzez geldirik egon behar izan badute ere, azken hilabete hauetan aretoak betetzea lortu dute.

Hari beretik, aipatutako kantuak erreferentzia egiten dio  herriko jaiei: «herri txikietako festetan esnatuko bagina bihar, dantzatuko genuke plazetan sekula santan ez bezala». Plazan ez, baina kiroldegian horretarako aukera bikaina izango dute hernaniarrek. Emanaldian eserita egotea beharrezkoa izango bada ere, dantzan jarriko ditu talde nafarrak bertaratzen diren ikusle guztiak. Ziur asko, kantu bakoitzean, eztarria utziko dute, azkenengoa bailitzan. Ondoren, kontzertua amaitzean, emozioak oraindik bizi-bizi daudela, kantuak dioen moduan, lagun minekin ilunabarra eternala bihurtuko da.

 

«Zetak, unibertso berri bat da»

Pello Reparaz, Vendettan egin zen ezagun, baina Zetak taldea sortu zuenean proiektu zeharo ezberdinean murgildu zen. «Vendetta sortu genuenean, hamazazpi urte nituen eta euri asko egin du ordutik. Madness, The Specials eta Selecter entzuten nituen eta gaur egun nire erreferentziak oso desberdinak dira. Londresen egon ondoren, beste interes musikal eta sortzaile batzuetan jarri nuen arreta. Zetak unibertso berri bat da, nire aurrean irekitzen dena, eta jostailu berria duen haur bat bezala sentitzen naiz».

Taldearen sorrera eta nortzuk diren Pello Reparazek argitzen du. «Zetak-en egitura bitxi samarra da. Ezin da Zetak definitu eszenatokira igotzen garenekin bakarrik. Kontuan izan behar da diziplina anitzeko proiektu bat egiten saiatu garela. Kontuan izan behar da Iratxe Reparaz, Joseba Razkin eta Artzai Iraurgi hasieratik daudela eta, musikariak ez izan arren, funtsezkoak direla proiektu honetan. Leire Colomorekin, Gorka Pastorrekin eta Iban Larrebourerekin oholtzara igotzeko zorte haundia dut, eta, egia esan, oso ondo babestuta sentitzen naiz, bai eszenatokian, bai atzean. Lotura oso naturala izan da, eta nolabait magikoa dela sentitzen dut».

 

«ZEID diskoaren abesti eta bideoklipak, denonak sentitzen ditugu»

Pello Reparazek, Zetak 2019ko azaroaren 18an sortu zuen eta euskal musika pop-elektronikoa lantzen du.  Pello Reparaz musikariak adierazi duenez, «disko hau, bere abesti eta bideoklipak, denonak sentitzen ditugu», Zeinen Ederra Izango Den (ZEID) lanaren sortze-prozesua oso kolaboratiboa izan baita. «Jende askok hartu du parte lan honetan: nire amonak, amak, lehengusuak, nire kuadrillak, aitak, osabak, izebak, crewak, nire arrebak, ilobak, lehengusinak, aitonak… Gure bideoklipetan ehunka lagun ikusten ditut eta disko hau denona dela sentitzen dut», dio Reparazek.

Haren esanetan, erabat naturalki sortu den mugimendu baten isla da ZEID, eta honen guztiaren eragilea Covid-19aren krisia izan da. Zetak baikor agertzen da pandemiarengatik sufritutako guztiaren aurrean, «honetatik ikasten duguna betirako gordeko dugu».

ZEID osatzen duten sei abestien helburua «benetan merezi duten gauzei atentzioa jartzen hastea da; eta agian ez horrenbeste, adibidez, sare sozialei», hausnartu du nafarroako musikariak.

Disko berri honek mezu sakona dauka: «Momentua da. Bideratu dezagun bizitako guztia itxaropen bidera. Hau guztia pasatuko da. Eta ikusiko duzue Zeinen Ederra Izango Den».

 

Nor da Pello Reparaz?

Min sarietan euskerak Mundura ateak zabaldu zizkiola azpimarratu zuen Reparazek, saria jaso zuenean mezu gogoangarri batean. Ikastolen eta D ereduaren defentsa sutsua egin zituen.

Baina nor da Pello Reparaz?  Pello Repara Escala, Sakanako Arbizun jaio zen 1990ean. Musikaria, konpositorea, ekoizlea  eta aurkezlea ere izan da. 5 urte zituela musikan formatzen hasi eta 8 urterekin tronboijole gisa trebatzeari ekin zion. Taula gainera 13 urterekin igo zen lehen aldiz.

Hainbat proiektutan parte hartu eta gero, 17 urte zituela Vendetta taldea sortu zuen beste lau kiderekin batera eta hamabi urte beranduago Zetak proiektua aurkeztu zuen.

Irakasle ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Berriozarko musika eskolan irakasle izan da, bai eta Etxarriko eskola publikoan ere. Haurrentzako Baloreak proiektua abiarazi zuen. ETBn Euskalonski saioa aurkeztu zuen, munduan zehar bizi diren euskaldunak bisitatuz. Londresen, abestiak egiten ikasteko bi urteko masterra egin zuen.

Lehen abestiak 2007an idatzi zituen eta hauek estudio profesionaletan grabatzean, ekoizpen musikalean murgiltzen hasi zen. Estudioko zazpi disko eta gero, ikus-entzunezko hainbat proiektu gauzatu ditu ere. 2016ko irailean ekoizpenaren munduan murgildu zen definitiboki, 10 abestiz osaturiko Bother diskoan konpontzaile eta ekoizle papera hartu zuelarik. Gerora Zetak, Xabi Bandini, ETS, El Muerto Vivo eta Baloreak bezalako proiektuetako diskoak ekoiztu ditu.

2017an Londresera doa ‘Masters in Songwriting’ egiteko Erresuma Batuko profesionalik garrantzitsuenekin, ICMP-n (Institute of Contemporary Music and Performance). Egun Nafarroa eta Erresuma Batua artean bizi da zuzenekoak, abestigintza eta ekoizpenean murgildurik.

2018ko abenduaren 28an Vendetta desegin eta gero, 2019aren hasieran eman zion hasiera Zetak taldearen proiektuari.

600 kontzertu baino gehiago eskaini ditu estatu eta mundu osoan zehar; Suitza, Alemania, Txile, Argentina, Uruguai, Peru, Turkia eta Sahara bezalako herrialdetan. Gaur egun Zetak proiektuaren 2020 eta 2021eko biran dihardu lanean buru-belarri Londreseko ikasketekin uztartzen duelarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!