Inklusibitatea txapeldun izan zen pasa den asteburuan, Landaren jokatutako IV. Inklusibo txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00

Iker Iraola baloia eskuetan duela, aurkariaren besoetatik ihes egiten.

Hernaniko Club Rugby Elkarteak antolatutako IV. Insklusibo txapelketak arrakasta haundia izan zuen. Antolatzaileek azaldu dute txapeldun haundiak ikusi zirela, zelai kanpoan zein barruan.  

Pasa den asteburuan, Landaren jokatutako IV. Inklusibo Txapelketa izan zen eguneko protagonista nagusia. Gipuzkoarren eta Getxo Rugby Taldearen artean jokatu zen aurtengo edizioa, urte beteko geldialdiaren ostean. Antolatzaileek argi diote, zelaian jaso zen emaitza gutxienekoa zela, izan ere; «hura aurrera ateratzeko egin den lana eta inklusibitatearen aldeko aldarria izan ziren eguneko protagonistak».  

Partidu ofiziala, Hernanirena
Hernani eta Getxoren arteko txapelketako partida hau izan da Estatu osoan lizentziarekin jokatu den lehen partida ofiziala. Epaileekin, aktarekin eta jokalari bakoitzaren inklusibo lizentzia txartelarekin. 


Errugbi elkartekoek diote gainera, berdintasuna ikusi dela Landaren; «bi taldeek izan zituzten aukerak entseguak lortu eta aurkaria gainditzeko. Joko bizi batekin korrikaldi haundiak eta amaiera benetan zirraragarriak ikusi ziren zelaian», diote. 


Bestetik, Hernani CREak antolatzen duen txapelketa guztietan, inklusibo saria banatzen du. Laugarren edizio honetan; «beraien balore, errespetu eta jardunaldi osoan erakutsitako grinagatik», Getxo Rugby taldeak eraman zuen txapela, Bizkaiko lurralde historikora. 


Azkenik, Hernani Club Rugby elkarteak Hernaniko Udalari, Euskal Errugbi Federazioari (EEF-FVR), Getxo Rugby Taldeari eta taldearen babesle diren  Euskaltel eta Neumatikos Uriari eskerrak eman nahi dizkie «jardunaldi zoragarri hau posible egin eta aurrerantzean lanean jarraitzeko babesagatik»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!