Smith abenturazalearen eta akerraren bisita izango dute gaurkoan, herriko familiek

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00

Akerraren bisita izateaz gain, pirueta akrobiotikoak eta malabareak izango dira gaurko protagonistak. Argazkia: Zirkozaurre.

Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera 'Yijaaa!' Ikuskizunari, Latsunbeberri auzoan, eta 'Akelarre' arratsaldeko 20:30etan hasiko da, Atsegindegin. Gaurko emanaldiak, familia giroan pasatzeko aukera paregabea ematen dute.

Aurtengoan ere, ez dira beti ezagutu ditugun San Joan jaiak ospatuko, baina kultur ekintza mordoa antolatu dute, herriko festak presente izan ditzagun. Hori horrela, kontzertuak, antzerki saioak, ikuskizunak, musika eta barre egiteko uneak ez dira faltako Hernanin. Aurtengo urtea oraindik pandemiaren eraginpean egon arren, San Joanetako egitaraua oso konpletoa dator, lagunekin, familiarekin, bikotekidearekin edo bakarrik ikusteko moduko hamaika emanaldiz josita, hain justu.

Familia giroan gozatzeko, ikuskizunak

Familia giroan gozatzeko aukera izango dute herritarrek, hamaika ekintza izango baitira, eta etxeko txikiekin ere kontatu dute, noski. Haiei bereziki zuzendutakoak dira hainbat saio. Esaterako, ikuskizun sortari hasiera eman behar ziona: Yijaaa!! ikuskizun familiarra. Latsunbeberrin eskaini behar zuen Goitibera konpainiak gaur, 18:00etan hasita; baina atzeratu egin dute, eguraldi txarragatik. Data berria zehaztutakoan jakinaraziko dute, aurreratu dutenez.


Atzeratu egin dute 'Yijaa!!' ikuskizuna, gaur arratsaldean eskaini behar zutena, eguraldiagatik. Argazkia: Goitibera

Emanaldi horretan, Aristides Smith abenturazale ospetsuak eta Giovanni Cannoli bere laguntzaileak, euren azken balentriaren kontakizuna ekarriko digute: «munduko tontorrik gorenerako igoera eta bertatik egindako jauzia». Asmakizunak, musika eta irudimenaren bitartez, ikusleek Steam Punk itxurako unibertso burugabe batera bidaiatuko dute, bi izaki bitxien abenturan parte hartuz.

Baina Yijaa!! atzeratuta ere, ikuskizunik izango da gaur, eta egun bereziarekin lotura estua duena, gainera. Plazan ez da izango San Joan bezperako surik, eta ezta akelarrerik ere. Baina Akerraren bisita jasoko dute hernaniarrek, edonola ere.

 
Sorginen ordua, iluntzean 

Izan ere, eguneko azken emanaldia izanagatik ere, pisu potoloa duen ikuskizuna eskainiko dute iluntzeko 20:30etan Atsegindegin: Akelarre izeneko ikuskizuna ekarriko du Zirkozaurre konpainiak, zirkua eta dantza nahastuz.

Ikuskizun honetan, Akerrak akelarreari hasiera emango dio, euskal sustraidun dantza batekin, sorgin eta basoko pertsonaiekin batera. Horiek, musikaren doinuarekin batera, biluztu egingo dira, pirueta akrobatikoen eta malabare jokoen bidez, non suak protagonismoa hartuko duen. Pertsonaiek bertaratutakoen nahiak jasoko dituzte,  antortxa batekin piztuko duten sutara botatzeko.

Ikuskizunek segida izango dute bihartik aurrera, diziplina ezberdinetako artistekin. Out dantza ikuskizuna eskainiko du Amaia Elizaranek, Kutxa baten istorioak saio familiarra Trotamundos konpainiak, Mikra kale ikuskizuna Berdinkik...

'Kutxa baten istorioak' kontatuko ditu bihar Txantxillan, Trotamundos konpainiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!