Arrazakeria, ispiluen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 00:00

Silvia Albert Sopale aktorea da antzezlea eta historiaren protagonista 'No es país para negras' antzezlanean.

Silvia Albert Sopalek sufritzen duen arrazakeriaren aurrean jarriko ditu hernaniarrak etzi, Biterin, 'No es país para negras' antzezlanean.

Amher-ek urtero Hernaniko kultur egitarauan hartzen du parte eta etzi, antzerki-proposamena ikustera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Silvia Albert Sopale protagonista, aktore eta erreferente afroespainiarraren eta Carolina Torres Topaga zuzendariaren eskutik, No es país para negras antzezlana ekarriko dute ostiralean Biterira, 18:30etan. 


Erreferenteak bilatzetik abiatzen da antzerki-lana: zer gertatzen da Estatuan belztasunarekin? Zein dira erreferente beltz nazionalak? Zein da emakume beltzen historia Estatuan? Familiako beltzez gain, nor ziren besteak?


No es país para negras irribarrea izozten duen komedia dramatikoa da. Antzezlanak mikroarrazismoak, arrazakeria sotila eta arrazakeria salatzen ditu. Hernaniko Gaztetxean 2016an ikusterik izan ez zutenek orain, San Joan jaien bueltan antolatu den kultur egitarauan ikusteko aukera dute. 

«Nahi nuke, besterik gabe, jendeak ikusten nauenean pentsatzea emakume beltz espainiar bat naizela»
Emakume beltza izan bazina zuen bizitza nolakoa izango litzatekeen jakin nahi baduzue, galde iezaiozue pieza honen egileari. Zurien herrialde batean hazi zen, eta orain, belztasunetik, belaunaldi oso baten iruditeria berrikusten du.


Antzezlana amaitzean solasaldia izaten da eta Silvia Albertek bere bizipenak azaltzen ditu. «Gizon eta emakume zuriek barkamena eskatzen didate guztiagatik, baina obra ez da akusazio pertsonala. Afrikar ondorengoez eta Espainian jaiotako emakume beltzez ari naiz. Zoritxarrez, jende askok uste du pertsona beltz guztiak pateran iritsi berriak garela. Ni hemen jaioa naiz, eta biktimismoa, patriarkatua, erruduntasuna eta eguneroko mikromatxismoak pairatzen ditut».


1976an jaio zen, eta espazio askotako lehen pertsona beltz bakarrenetakoa izan da. «Bi mundutan hazi nintzen: etxean, Afrikan; eta kalean, Europan. Horrek nortasuna bilatzea eskatzen du. Nahi nuke, besterik gabe, jendeak ikusten nauenean pentsatzea emakume beltz espainiar bat naizela, besterik ez. Normalizatu dadila eta ez dezala eman beltza izateagatik espainiarra ez zarenik».


Silvia Albert Sopale Donostian jaio zen eta Estatuko hainbat hiri desberdinetan bizi izan da. Orain Bartzelonan du bizitokia. Bere adina gutxi gorabehera dutenek, ziur aski antzezpen honetan entzungo diren iragarkietako abestiak eta musikak ezagutuko dituzte. Izan ere, bere belaunaldiaren iruditeria errepasatuko du, nahiz eta Estatu honen historiaren azken berrogei urteak bestelako ikuspuntu batetik plasmatuko dituen. 


Zer sentitzen da larruazalaren koloreagatik «hemengoa» zarela aitortzen ez dizutenean, eta Afrikara bidaiatu eta lurralde horretakoa ere ez zarela konturatzen zarenean? Protagonistaren haurtzaroa eta nerabezaroa une garrantzitsuak izango dira, umorez eta ironiaz, arrazakeriatik hasi eta emakume beltzen sexualitateraino, identitatetik pasatuz, doazen gaiak aztertzen dituen antzezpenean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!