Kontzertu berezia eskainiko du Kantuzek gaur parrokian, Covid-19aren biktima guztien omenez

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 20a, 00:00

Eguerdiko 13:00etan izango da, San Joan Bataiatzailean. Zazpi pieza eskainiko dituzte, Fauré, Purcell, Jenkis, Chounod eta Mozartenak.

Hitzordu berezia jarri du Kantuz abesbatzak, gaur eguerdirako. Kontzertua eskainiko du San Joan Bataiatzailea parroki elizan, 13:00etan hasita, motibo berezi batekin: bertan gogoratu eta omenduko ditu, Covid-19aren biktima guztiak. Abesbatzak berak ja­kinarazi duenez, omenaldia egingo diete «Covid-19aren ondorioz utzi gaituztenei, eta baita gaixotasuna igaro eta aurrera egin dutenei ere».

Horretarako, berezia presta­tu dute kontzertuaren egitaraua ere. Zazpi pieza eskainiko dituzte guztira, izen haundiko bost konponsitorerenak: Gabriel Fauré, Henry Purcell, Karl Jenkins, Charles Gounod eta Wolfgang Amadeus Mozart.

«Oroitu eta omenduko ditugu Covid-19aren ondorioz utzi gaituztenak, eta gaixotasuna igaro eta aurrera egin dutenak»

Fauréren pieza batekin eman­go diote hasiera emanaldiari: Cantique de Jean Racine. Purcellen Funeral Queen Mary: 6. Thou knowest Lord kantatuko dute ondoren, eta segidan, Jenkinsen pieza bat ekarriko dute elizara: Agnus Dei (The Armed Man). Horren ondotik, Gounoden La septième Parole du Christ sur la Croix eskainiko dute, eta Mozarten pieza batekin emango diote segida: Ave Verum Corpus. Jenkinsen eta Mozarten beste bi piezarekin bukatuko dute emanaldia: Jenkinsen God shall wipe (Better is peace-The Armed Man) izango da aurrenekoa, eta Mozarten Confutatis-Lacrimosa (Requiem) piezak itxiko du emanaldi berezia.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!