Mugalari hernaniarrak 'Comète' sarean

Juanjo Uria Zubiarrain 2021ko eka. 19a, 00:00

Loidin, atzo, Mugalariak omendu zituzten.

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak Elkarteko kideek, aurten ere, Bigarren Mundu Gerran iheslariei Pirinioak eta muga zeharkatzen laguntzaile izandakoei omenaldia egi­n zieten atzo, Loidin.

Juanjo Uria Zubiarrain

Florentino Goikoetxea Hernanin jaio zen 1898an eta Iparraldeko Ziburun hil 1980an. Mugalari bezala, II. Mundu Gerran lan ikaragarria egindako hernaniarra da Altzuetako gizon hau. Comète izenarekin ezaguna egin zen sareko pertsona funtsezkoenetakoa izan zela esan daiteke. Sare honen helburu nagusia zen, alemanek eraitsi edo lurrera botatzen zituzten gerra-hegazkin aliatuetako abiadoreak (britainiarrak, kanadiarrak, australiarrak, estatubatuarrak, herbeheretarrak, e.a.), Iparraldeko Donibane Lohitzune eta Ziburu inguruan  hartu –gauez- eta oinez, Urruñatik barrena (Frantxia Usandizaga alargunaren Bidegain-Berri baserrian hartzen zuten atsedentxoa) Bidasoa ibai ingurura jotzea, lau orduko ibilaldia egin eta gero.

Gero, abiadore guztiak atzetik zituela, isiltasun handiz eta azkar, -Gestapo-koek eta baita guardia zibilak ere oso erne egoten baitziren mugaren alde batean zein bestean-, Erlaitz eta Pagogainako malda eta penditza zorrotzak igotzen zituzten Oiartzun harrapatu arte. Hemen, abiadoreak, erabat ahuldu eta akituta, Sarobe baserrian edo –batez ere-, Hernaniko Lizarraga baserrian jaiotako Maria Garaiar eta bere familiaren Oiartzungo etxean uzten zituen abiadoreak Florentinok. Altzuetakoa, gero, Iparraldera abiatzen zen, Frantziako Erresistentziarentzat paper eta posta sekretu eta merkantzia garrantzitsuekin.

1943an, Espainiako poliziak Maria Garaiar eta bere senar Pedro Arbide atxilotu zituen eta Ondarretako espetxean hainbat hilabete eduki zituzten preso.

1944an, dokumentazio sekretua zeramalarik,  Oiartzundik Donibanera zihoan aldietako batean, alemanek, ametrailadoraz su egin eta lau bala sartu zizkioten hankan eta iztarrean Florentinori. Zauriturik, lurrera erori eta, azkenean, lortzen dute alemaniarrek Florentino atzematea, baina Gestapo-koek ez zekitena zen, Florentinok, zauritu eta gero, lortu zuela zeraman dokumentazio guztia leku jakin eta ezkutu batean gordetzea. Baionako ospitalera eraman zuten, baina Erresistentziak, alemanez mozorroturik, lortzen du Florentino liberatzea eta baita Biarritzeko leku ezkutu batean gordetzea ere.

Florentinok sari, diploma eta domina ugari jaso zituen, II. Mundu Gerran parte hartu zuten garrantzi handiko nazio askotatik. Baita beste mugalari batzuek ere.

Comète sareko bizkarrezurtzat jo dezakegu Florentino, baina bazen hernaniar gehiago aliatuentzat hain garrantzitsua izan zen sare honetan, sarearen barrendik edo beste era askotako kolaborazioak egin zituztenak. Lehen aipatutako Maria Garaiar, baita Tomas Anabitarte ere, Federiko Armendariz, Martin Errazkin, Juan Manuel Larburu,…. Azken hau, Hernaniko Berakorte baserrikoa, hemengo gerratik ihesi, Urruñako Bidegain-Berri baserrian jarri zen bizitzen, –Frantxia eta bere semeekin–, non abiadoreak han hartzen zuten atseden piska bat muga pasa aurretik.

1943ko urtarrileko gau batean, denak baserri honetan zeudelarik –menturaz, Florentino gau hartan ez zegoen han–, alemaniarrak sartu ziren eta denak atxilotu zituzten. Larburu, Fresnes-era eraman zuten eta handik Compiègne esparrura eta azkenik Buchenwald eta Flossemburg kontzentrazio esparruetara. Azken honetan hilko da Juan Manuel 1944ko apirilean, 32 urterekin. Bidegain-Berri baserriko alargun zen Frantxia Usandizaga ere eraman zuten alemanek. Eta hortxe hasi zitzaion Frantxiari gurutze-bide luze eta zorigaiztokoa, ze, 1945ko apirilean hil zen Ravensbruck kontzentrazio esparruan, 36 urterekin, hiru seme utzita.

Gogoangarria da hernaniar hauek egin zuten lana eta erakutsi zuten kemen, eskuzabaltasun eta besteekiko elkartasuna, beren bizia arriskuan jartzeraino, eta kasu batzuetan, arriskuan bakarrik ez, baizik eta bizia bera eman zutenak kausa noble eta miresgarri haren alde.

Doinua: Aresoren bandera (Aizak hi mutil mainontzi).

1  Florentino oso sarri,               
gogotsu, buru-belarri,   
ta alemanek ez zuten ia 
sekula igarri,       
zenbat aliatu larri,
ez ote zituen ekarri, 
nahiz uneoro bere bizia
arriskuan jarri.

2 Gau iluneko urratsen,
aztarneri so, hausnartzen,
naziengandik gordean eta
beti arriskatzen,
baina ez ziren nekatzen,
Bidasoa zeharkatzen,
ta beren barne elkartasuna
mundura zabaltzen.

3 Tiro batzuk dute kulpa, 
bera dago jabetuta,
izterra eta hanka dauzkala
larri zaurituta,
lurrean arnas-estuka,
hau izan da, ezin uka,
hogei kriminal ta gizon baten
arteko burruka.

4 Erresistentziarako,
bazeraman paper franko,
germaniarrei kendutakoak
beren kalterako,
baina Florentinok, bapo,
gizon azkarra zelako,
gorde zituen Gestapo-koek
konturatzerako.

5 Larburu gizon apala, 
hurkoarentzat leiala,
gero jakin zen nazien esku 
gazterik hil zala,
dagoen lekuan dala,
gizaki zintzo bezala,
hemen ez zuen izan bakea
aurkitu dezala.

6 Emakumeek, dohainik,
ahal zen guztia eginik,
zenbat lan handi hartu zituzten
so egon ezinik,
eta hau dena jakinik,
galdera gordin-gordinik:
Mariak eta Frantxiak jaso
al zuten dominik?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!