Txirrindulari batek emakume bat harrapatu eta ihes egin zuen, Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 17:24

Bidegorritik pasoan zebilen emakumea, eta txirrindulari batek harrapatu egin zuen. Lagundu beharrean, atzera begiratu gabe, alde egin zuen. Lurrera erori eta aldaka puskatu zuen emakumeak. Istripua ikusi zuten lekukorik badago, Udaltzaingoak haiengana jotzeko eskatu du. 

Herenegun, goizeko 11:00ak aldera, Martindegiko sarreran, txirrindulari batek 72 urteko emakume bat harrapatu zuen. Biribilguneko semaforoaren oinezko pasabidean zegoela, bizikletakoak aurretik eraman zuen.

Emakumea lurrera bota bazuen ere, txirrindularia ez zen gelditu; eta, gainera, ez zuen daturik eman. 


Kolpeagatik, aldaka puskatuta

Ezustekoaren ondorioz, zaurituak aldaka puskatuta du; eta, horrez gain, beste hainbat zauri ere baditu gorputzean.

Hori horrela, Udalak jakinarazi du informazioa biltzen ari direla: «lekukoen bila gabiltza istripu txostena osatzeko».

Beraz, norbaitek zerbait ikusi izan balu edo gertatutakoaren harira bestelako daturik baldin badu, Udaltzaingoarekin kontaktuan jartzeko eskatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!