Seguru sentitzea

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00

Segurtasun fisikoa bermatua sentitzen al dut? Erasotua ez izateko konfidantza, hitzez atakatua ez izatekoa, nire bikoteak nire gorputza errespetatuko duenarena?

Babesguneak ba al ditut? Etxea edo etxean niretzako den txokoren bat? Gelditzeko gogoa ematen duen lagun talde edo senide talderik? Nire emozio itsusienak ere askatzeko espazio eta giro segururik?

Segurtasuna soilik gogoratzen dugu, faltan dugunean. Seguru sentitzen garenean, gauza guztiek aurrera doazenaren sentsazioa izan ohi dugu. Sendotasuna, konfiantza edota aurreikuspenak egiteko adorea ekartzen ditu. Baita, zaintzeko gaitasuna, erregulatzekoa, erabakiak irmo eustekoa...
Hauetaz gain, ezinbestekoa dugu gure buruarengan segurtasuna sentitzea. Garai batzuetan, hau ordea, exkax ibili daiteke. Lagunartean gaudenean, besteen parean ez gaudela senti dezakegu, adibidez. Harreman erotikoetan, ez garela nahikoa trebeak edo erakargarriak ere.

Sexu jokabideetan batzuetan espektatiba altuek sortzen dituzte insegurutasun bizipen intentsuak, adibidez. Beste batzuetan, gure bikotekidearekin bereziki inseguru sentitzen gara. Baliteke, bere jokabideak baldintzatzea bizipen hau (alkohola edaten duenean, hainbat lehentasun ezartzen dituenean gure aurretik, esate baterako). Akaso, bikotekidea segurtasuna transmititzen saiatzen bada ere, agian ez du lortzen. Horrelakoa da, esate baterako, jeloskortasuna eta sortzen den sorgin-gurpila, orduan eta gehiago lasaitzen saiatu, orduan eta okerrago izan baitaiteke.

Garrantzitsua da, segurtasun uneak identifikatzen joatea, eta gehiegitan errepikatzen direla sumatu ezkero, zerbait aldatzeko indarrak batzea.
Inbadituak izateko beldurra eta abandonatuak izatekoa, gure erraietan daude txertatuta eta batzuetan, begi-bistan geratzen dira bi beldurrok. Horrelakoetan, laguntza eskatzea, ideia bikaina izan daiteke!

 

NOIZ BUKATZEN DA ARMAIRUA?
Liburua Sebas eta Elkar dendetan salgai

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!