Gipuzkoako Txapelketa egoitzetan banatua jokatuko da asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00

Hernani taldeko igerilariek eta Enaitz Goñik, Ordizian eta Tolosan egingo dute igeri gaur eta bihar.

Igeriketak bi garai izaten ditu urtean zehar, bat neguko denboraldia eta bestea udarakoa. Bigarren garai honetan txapelketarik garrantzitsuenak ekaina eta uztailean izaten dira. Honela asteburu hau egutegian gorriz markatutako lehenengo zita dute bailarako igerilariek, Gipuzkoako Txapelketa. Berez, egoitza batean jokatzen da, baina aurten igerileku ezberdinetan banatuko dituzte igerilariak eta krontol itxura izango du.

Oñati, Irun, Ordizia eta Tolosa dira lau egoitzak eta Hernani Kirol Elkarteko igerilariak Ordizian ariko dira bihar eta Fortunako taldean dabilen Enaitz Goñi Tolosan ariko da gaur goizean eta arratsaldean.

Beraz, Enaitz Goñi izango da uretaratzen lehenengoa. Gaur goizean 400 metro libretan egingo du igeri eta arratsaldean 1.500 metro librean. Bere helburua bere denborak hobetzea da, 4:04 eta 16:08 eta bide batez rankingean postuak irabaztea.

Erreleboa bihar, Xabier Huitzi eta Miren Uxue Garmendiak hartuko diote. Garmendiak 100 libre eta 50 libretan hartuko du parte, Xabier Huitzik berriz, 200 tximeleta eta 50 libre probetan.

 

Luis eta Iñigo Goñi, Banyolesen

Master mailan, Luis eta Iñigo Goñi anaiak Espainiako Ur Irekietako Txapelketan ariko dira gaur arratsaldean. 3.000 metroko proban hartuko dute parte Banyolesen, Gironan. Luis faboritoa da urrea irabazteko eta Iñigoren helburua podiumera igotzea izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!