Kulturak eta kirolak Hernani girotuko dute asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00

Pasa den urtean bezala Musika Banda auzoetan barrena ibiliko da.

Musika Banda, Txistularien Banda eta Musika Eskolako Akordeoi taldea zein abesbatza kalean izango dira auzo ezberdinetan. Kirolean pelota partiduak jokatuko dira goizean eta arratsaldean eta ur ludoteka antolatu da igerilekuan.
Errugbi inklusiboa ere izango da gaur Landaren.

San Joan jaiak bigarren urtez jarraian ez dira ospatuko eta horrek aurreko asteetan ere eragin zuzena izan du. Garai honeterako festa giroa usain eta nabaritu egiten zen herrian zehar eta talde, eragile, elkarte eta kirol klub desberdinek euren txapelketa, ekitaldi, ekimen, kontzertu eta jaialdiak antolatzen zituzten. Noski, San Joan jaietan antolatuko ziren hainbat eta hainbat entsegu ere egoten ziren eta horrek giroa berotzea ekartzen zuen.

Jendeari San Joanetarako gogoak pizten zizkioten ekitaldi guzti horiek. Aurten ez da horrelakorik izango, baina kulturak eta kirol txapelketa murritz batzuk bere lekua izango dute asteburu honetan.

Hasteko Txantxangorri elkarteak, gaur goizeko 09:00etan Compact plater jaurtiketa antolatu du Arkaleko (Oiartzun) tiro eremuan. 10:30etan pelota eskolaren San Joan erakustaldia jokatuko da kiroldegiko frontoian. Ondoren, 11:00etan, Hernaniko waterpolo taldeak ur ludoketa antolatuko du igerilekuan. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, San Joan Txapelketaren finalak jokatuko dira kiroldegiko frontoian. Partiduak publikorik gabe izango dira. Errugbi inklusiboko txapelketa ere jokatuko da Landaren Hernani eta Getxoren artean, 11:30etatik aurrera, ikuslerik gabe.

 

Preludiorik ere ez asteburuan, baina bai zenbait keinu

Covid 19-ak sortutako egoerak ez du aurten ere San Joan jaien aurreko preludioa ahalbidetuko, baina data esanguratsu horri keinu bat egin nahian, Musika Banda, Txistularien Banda eta Musika Eskolako Akordeoi taldea zein abesbatza kalean izango dira gaur.

Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Musika Banda eta Txistularien Banda Hernaniko auzoetan barrena ibiliko dira, geldialdiak eginez, bakoitza bere aldetik.

Honako hauek izango dira ibilbideak: Musika Bandak Etxeberri, Gabriel Zelaia, Bidebieta plaza, Zinkoenea eta Plazaberri zeharkatuko ditu.

Txistularien Bandak Sorgintxulo, Marieluts, Latsunbe, Karobieta eta Txantxilla.

Bestalde, Musika Eskolako Akordeoi taldeak eta abesbatzak emanaldia eskainiko dute Portu auzoan. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Portuko Ibarrolaburu plazan eta aforoa mugatua izango da. Euria eginez gero, Elizatxo ikastolan eskainiko dute emanaldia.

 

'Gorpuztu' ikuskizuna atzeratu egin da, eguraldi txarragatik. Argazkia: Doos Colectivo.

Chillida Lekuko udako solstizioa atzeratu egin dute, eguraldi txarra dela eta

Urtero bezala, Chillida Leku museoak udako solstizioa ospatuko du aurten. Bihar zuten horretarako hitzordua, baina «eguraldi txarra dela eta», atzeratzea erabaki dute. Iganderako sarrerak erosi dituztenek sarrerak gorde beharko dituzte, beste data bat proposatuko delako. «Beste data horretan joaterik ez badute, Biterin dirua itzuliko zaie», azaldu dute antolatzaileek.

Aurten, Doos Colectivo taldearen eta Eva Guerrerok sortutako Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko da, eguraldiak baimentzen duenean. Zuzeneko musika du, oreka bilatzeari buruz hitz egiten duena. Lasai egoteko, zarata isilarazteko, karga eta errua arintzeko, animaliak lasai lo egiten duen lekua aurkitzeko borroka da.  Gainera, Gorpuztu emanaldia jaio zen, gorputza hainbat zatitan banatuz, otoitz-garaian mugimendu-ekintzak behatuz eta hainbat erlijiotan agertzen diren kontzeptuak ukituz.

 

GAUR EKAINAK 19

09:00, Compact plater jaurtiketa Arkaleko tiro eremuan. Txantxangorri elkarteak antolatuta.

10:30, Pelota Eskolaren San Joan erakustaldia, kiroldegiko frontoian. Publikorik gabe izango da.

11:00, Ur ludoteka, igerilekuan. Hernani K.E. Waterpolo.

16:00, San Joan Txapelketaren finalak, kiroldegiko frontoian.

 

EKAINAK 23

17:00, Miguel Olloren XIV. Oroime­nezko Proba, 52. Tiro Lehiaketa gaztetxoentzat, Txantxangorrin.

18:00, 'Yijaaa!!' ikuskizun familiarra, Latsunbeberri auzoan, Goitibera konpainiaren eskutik.

18:00, Leokadisti Txistu Taldearen kontzertua, Biterin.

19:00, 'Presoak kalera!' manifestazioa, Plazatik abiatuta.

19:00, Musika Banda eta Txistulari Banda, auzoetan barrena.

20:30, 'Akelarre' zirku-dantza ikuskizuna, Atsegindegin, Zirkozaurre konpainiaren eskutik.*

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!