Uztailaren 3an erreferendumaren alde mobilizazioa antolatu da Bilbon

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00
Hernaniko Gure Eskuko kideak Plaza Berrin.

Areatzan elkartuko dira 17:30etan eta Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñok ibaitik abestuko dute 'Hamaika Gara' abestia.

Hernaniko Gure Eskuk, eta Hamaika Gara ekimenaren barruan, sinadura bilketarekin jarraitzen du eta gaur erreferendumaren aldarria egingo dute. Kale Nagusian sinadurak biltzeko postuak jarriko dituzte.


«Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki behar du. Horretarako, erabakitzeko tresnak eskura behar ditu» diote Gure Eskuko sustatzaileek Hamaika Gara ekimenetik. Hori aldarrikatzeko uztailaren 3an, 17:30etan, Bilboko Areatzan mobilizazioa antolatu dute. Bertan Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñok zuzeneko kontzertua eskainiko dute Bilboko ibaian ibiliko den itsasontzi batetik. Dupla eta Itziar Ituñoren arteko elkarlanaren emaitza da, hain justu, Hamaika Gara abestia, eta urrian plazaratutako bideokliparen arrakastaren ondoren, estreinakoz abestuko dute jendaurrean. Udaletxeko zubian, Areatzakoan, eta biak batzen dituzten pasealekuetan izango da hitzordua. 

Autobusa hartzeko izena eman behar da Oan, Lurrekon eta Garinen
Hernaniko Gure Eskuk autobusa antolatu du bertara joateko eta Oa gozotegian, Lurrekon eta Garin tabernan aukera dago izena emateko. Hernaniko Gure Eskutik herritarrak animatu nahi dituzte Bilbora joatera «denen bultzada eta laguntza behar delako». Kotxean ere jendea joango da, baina autobusaren aukera eskaini nahi dute. «Subiranotasunaren aldeko gihar soziala tenkatu, begirada altxa eta ozen esan dezagun: Hamaika Gara erreferendumaren alde».

Uztailaren 10ean Aiako Harriak argiztatuko dira
Gure Eskuk, uztailaren 10ean, bigarren ekimen bat antolatu du eta Aiako Harriak mendi lerroaren argiztapena izango da. 21:00etan egingo da eta Arditxulotik 18:30etan irtengo dira tontorrera. Hernaniko Gure Eskuk inguruetako herritarrak hurbiltzera animatzen dituzte.

Datorren urtean Kataluniatik hasi eta Euskal Herrira arte zeharkatzen duten Pirinioak argiztatu nahi dituzte Llum i Llibertad eta Gure Eskuk. Uztailaren 10ekoan Aiako Harriak eta Pedraforca argiztatuko dira

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!