'Noiz bukatzen da armairua' liburuaren aurkezpena izan zen atzo, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 00:00

Egoitz Arbiol, Itsaso Lekuona eta Ibai Fresnedo atzoko prentsa aurkezpenean, Kulturarteko Plaza Feministan.

Hernaniko azken 50 urteetako LGTB memoria ariketa jasotzen duen liburua aurkeztu zuten atzo Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol egileek, eta baita Itsaso Lekuonak ere, Udaleko Berdintasun Arloko zinegotziak.

Hernaniko azken 50 urteetako LGTB memoria ariketa jasotzen duen Noiz bukatzen da armairua liburuaren aurkezpena izan zen atzo, Biterin. Bertan izan ziren Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol Hiruki Larrosako kideak eta ikerketa lanaren egileak, eta baita Itsaso Lekuona Berdintasun Arloko zinegotzia ere. Hain justu, Udalaren Berdintasun arloak sortutako bekatik eta Berdintasun Kontseiluaren eskariz   egindako lana da, eta atzo aurkeztu zieten herritarrei.

Liburuko azalean Ibaien eta Egoitzen izenak ageri badira ere,  atzo goizeko prentsaurrekoan azpimarratu zuten lana «kolektiboa» izan dela. «Eskerrak ematen dizkiegu honen guztiaren partaide izan direnei, beraiek ere, zalantzarik gabe, liburuaren egileak baitira».

Lan honetan, «historiak kontatu ez duena» biltzen dela ziurtatu zuen Lekuonak. «Xedea zen idatzita geratzea gai honen gaineko historia guztia; baina, horrez gain, are garrantzitsuagoa da guretzat, liburua amaitzean, etorkizunari begira, hausnarketa egitea eta aldaketarako bidea zabaltzea; alegia, liburuan kontatzen eta islatzen den guztia ertzetan ez geratzea», gehitu zuen. 

Bestalde, Noiz bukatzen da armairua, «hasiera batean behintzat», ikerketa liburua izango zela aurreikusi zuten. «Hala ere, elkarrizketak egiten hasi ginenean, ikusi genuen merezi zuela ikerketa formatuan baino, gertutasun gehiago adierazten zuen modu batean aurkeztea egindako lana. Horrela, datu kualitatiboak eman ditugu, jakina; baina goxotasunez eta mimo haundiz idatzi dugu guztia, modu gozagarrian», kontatu zuen Ibaik. 

Era berean, Lekuonak adierazi zuen kontzeptu guztiak «oso modu ulergarrian» islatu direla liburuan. «Oso esanahi konplexuak daude horren guztiaren atzean, eta beraiek modu ulerterrazean islatu dute. Hori eskertzekoa da».

Herritarrei aurkeztu zieten liburua, Biterin, atzo arratsaldean.


17 lekukotza, liburuan

Horrez gain, argi utzi zuten liburuan agertzen dena «lagin» bat dela. «Historia eraikitzeko jendarte osoaren testigantzak bildu behar izango genituzke; kasu honetan, aldiz, 17 herritarren lekukotzak ageri dira», adierazi zuen Egoitzek. Horren bueltan, partehartzaileen artean «aniztasuna» dagoela helarazi zuten. «LGBT siglen atzean dagoen aniztasuna aitortu nahi izan dugu; izan ere, historian sekulako garapena izan da sexu eta genero disidentziaren kontzeptualizazioan. Adibide bat jartzearren, lehen, sigla horiek erabiltzen ziren homosexualei erreferentzia egiteko», gehitu zuen Ibaik.

Hori ez ezik, 50 urte horien barruan, hamarkada bakoitzeko «bi, hiru, edo lau herritarren» kontakizuna ere biltzen ahalegindu direla azaldu dute. «Erraza izan da gazteen lekukotzak biltzea; baina helduagoenak biltzea, aldiz, ezinezkoa izan zaigu. Are gehiago, gure asmoa zen landa eremuko herritarrekin hitz egitea; baina, tamalez, ezinezkoa izan da». Edonola ere, azken hori soilik Hernaniko kontua ez dela nabarmendu zuen Egoitzek: «horrelako lanak egiten jarraitzea ezinbestekoa da; LGTB siglei esanahia eman dien jendea hiltzen ari da edo hil egingo dira; eta horrekin batera, historia eramaten ari dira. Beraz, garrantzitsua da helduen testigantzen berri izatea eta haienari ere ahotsa ematea», hausnartu zuen Egoitzek.

 

Liburua 10 euroan salgai, Elkarren eta Sebasen

Lana salgai dago Elkar dendan eta Sebasenean, 10 euroan. Gainera, euskera hutsean idatzita dagoen arren, liburuko kontra-azaleko QRaren bidez, gaztelaniako itzulpena lor daitekeela jakinarazi zuten atzoko prentsaurrekoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!