Covidaren biktimak gogoratzeko kontzertua igandean, Kantuzek

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 00:00

Kantuz abesbatzako kideak, pandemiaren aurreko emanaldi batean.

Eguerdiko 13:00etan eskainiko du, San Joan Bataiatzailea parrokian, Covid-19aren biktima guztien omenez.

Kontzertu berezia eskainiko du Kantuz abesbatzak, igande honetan: Covid-19aren biktima guztiak gogoratzeko eta omentzeko emanaldia izango da, eguerdiko 13:00etan hasita, San Joan Bataiatzailea parrokian.

«Oroitu eta omendu nahi ditugu, Covid-19aren ondorioz utzi gaituztenak, eta baita gaixotasuna igaro eta aurrera egin dutenak ere», nabarmendu dute.

Horretarako, zazpi piezako kontzertua prestatu du abesbatza hernaniarrak. Gabriel Fauréren Cantique de Jean Racine eskainiko dute hasteko; ondoren, Henry Purcellen Funeral Queen Mary: 6. Thou knowest Lord kantatuko dute; eta segidan, Karl Jenkinsen Agnus Dei (The Armed Man). Eskainiko dituzte, baita ere, Charles Gounoden La septième Parole du Christ sur la Croix, Wolfgang Amadeus Mozarten Ave Verum Corpus, eta Karl Jenkinsen God shall wipe (Better is peace-The Armed Man). Eta Mozarten beste pieza batekin eman­go diote bukaera: Confutatis-Lacrimosa (Requiem).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!