'Gazte eztanda!' topaketak egingo dituzte Hernanin, gaurtik larunbatera bitartean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 00:00

Topaketen antolatzaileak, kartelekin. Argazkia: 'Gazte eztanda!'

Eskualde mailakoak izango dira, Buruntzaldeako hainbat eragilek antolatuta. Elizatxo ikastolan eskainiko dituzte bi hitzaldi gaur arratsaldean: 17:00etan hasita Buruntzaldeako gazte sortzaileek, eta 19:00etan Irauliko kideek.

Gazte eztanda! izenburupean, hi­ru eguneko topaketak prestatu dituzte eskualde mailan, gaurtik larunbatera, Buruntzaldeako hainbat eragilek. Eta Hernanin izango dira saio guztiak, Elizatxo ikastolan eta Tilosetan.

Gaur arratsaldean izango di­ra aurrenekoak, Elizatxon; eta bi hitzaldi eskainiko dituzte. Au­rre­na, Buruntzaldeako gazte sortzaileek hartuko dute hitza, 17:00etan hasita: Gazteok uneoro sortzen. Kulturan eraiki diren espazio berriei buruz ariko dira, eta baita hurrengo urratsei buruz ere. Eta ondoren, Irauliko kideek eskainiko dute hitzaldia: Gazte emantzipazioa, pribilegio bihurtutako eskubidea. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori.

Bihar, berriz, beste bi saio egingo dituzte, horiek ere Elizatxo ikastolan. 17:00etan izango da aurrenekoa, eta Gaiztakeria tailerra izenekoa prestatuko du­te Ernaik eta Ikamak. Eta ondoren, 19:00etatik aurrera, Buruntzaldeako Neska* Gazteek es­­kai­niko dute hitzaldia, beraien «lurrikara» aditzera emateko.

 

Hausnarketa saioa eta agerraldia, etzi Tilosetan

Larunbatean egingo dituzte azkeneko bi topaketak, eta Tilosetan izango dira horiek. Goizeko 10:00etan, hausnarketa saioa egiteko elkartuko dira bertan: Gazteon indarrak batu, borrokatu eta etorkizuna eraldatu. Eta ondoren, eguerdiko 12:00etan, agerraldia egingo dute gazteek, Tilosetan bertan. «Gazteok badugu zer esana, eta ahotsa ematen ez badigute, oihu egiteko moduak aurkituko ditugu!», nabarmendu dute.

Horrela, topaketen bitartez erakutsi nahi dute, eskualdeko gazteak ez daudela geldi, eta hausnartuko dute, zein tresna behar dituzten haien ahotsa entzun dadin etorkizunean. Hitzaldien bitartez, gainera, aurkeztuko dute gazteen problematika ezberdinen inguruan lanean ari diren eragileen jarduna.

Era berean, topaketa hauekin salatu nahi dute gazteak «seinalatu» dituztela, «bizi dugun egoeraren errudun gisa». Eta azkenik, harremanetan jartzeko «espazio aske eta seguru bat» eskaini nahi izan diete, eskualdeko gazteei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!