Erdigunetik auzoetara salto, aurtengo San Joanek

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 16a, 00:00
Udal ordezkariak eta herriko talde eta eragileetako ordezkariak, datozen egunetarako egitarauaren aurkezpenean.

Atzo aurkeztu zuten datozen egun berezietarako egitaraua, berezko jairik izango ez den arren. Eta Biterin, Atsegindegin eta kiroldegian ez ezik, auzoetan ere izango dira emanaldiak.

«Inori ez zaio eskapatzen, egun bereziak direla datozenak; baina aurten ere ezingo ditugu nahi bezala ospatu San Joan jaiak. Horregatik, iazkoaren ildotik, diziplina eta adin guztietarako jarduera kontrolatuak antolatzea erabaki dugu Jai Batzordean, aforo mugatuarekin eta musukoarekin gozatzekoak. Osasuna zaintzea baita lehenengo erronka», nabarmendu zuen Koro Etxeberria kultura zinegotziak, atzo, ekainaren 19tik 27ra prestatu duten egitarauaren aurkezpenean.

Elkarlanean prestatu dute «programa anitza», Udalak eta herriko hainbat talde eta eragilek. Horrela, aurkezpenean izan ziren San Joan Konpartsako kideak, Hernaniko Bertso Eskolakoak, Txistulari Bandakoak, Musika Bandakoak eta Amher elkartekoak. Bakoitzak prestatu du bere emanaldi berezia, eta jarri du bere alea, auzo elkarteek jarri duten bezalaxe. Izan ere, Jai Batzordetik «foku berezia» jarri nahi izan dute auzoetan, erdigunetik auzoetara salto egin dezaten San Joanek, eta Biterin, Atsegindegin eta kiroldegian ez ezik, emanaldiez gozatu dezaten Latsunbeberrin, Txantxillan, Zikuñagan, Karabelen, Portun, Martindegin edota Osinagan, besteak beste.

«Azpimarratzekoa izan da auzo elkarteen borondatea eta eskaini diguten laguntza», adierazi zuen Nagore Irastortza kultura teknikariak.

Musika emanaldi nagusiak kiroldegian izango dira, iluntzean edo gauean. Eta horietarako, Atsegindegin izango diren beste hainbat ikuskizunetarako bezala, gaurtik eskuratu daitezke doako gonbidapenak, Biterin edota kultura.hernani.eus webgunean. Talde edo eragileek antolatutako emanaldietan, berriz, egitarauan zehaztuta dagoen bezala eskuratu daitezke.

 

EKAINAK 19

09:00, Compact plater jaurtiketa Arkaleko tiro eremuan. Txantxangorri elkarteak antolatuta.

10:30, Pelota Eskolaren San Joan erakustaldia, kiroldegiko frontoian. Publikorik gabe izango da.

11:00, Ur ludoteka, igerilekuan. Hernani K.E. Waterpolo.

16:00, San Joan Txapelketaren finalak, kiroldegiko frontoian.

EKAINAK 20

20:00, Udako solstizioa: 'Gorpuztu' ikuskizuna, Chillida Lekun, Doos Colectivo dantza konpainiarekin.

EKAINAK 23

17:00, Miguel Olloren XIV. Oroime­nezko Proba, 52. Tiro Lehiaketa gaztetxoentzat, Txantxangorrin.

18:00, 'Yijaaa!!' ikuskizun familiarra, Latsunbeberri auzoan, Goitibera konpainiaren eskutik.

18:00, Leokadisti Txistu Taldearen kontzertua, Biterin.

19:00, 'Presoak kalera!' manifestazioa, Plazatik abiatuta.

19:00, Musika Banda eta Txistulari Banda, auzoetan barrena.

20:30, 'Akelarre' zirku-dantza ikuskizuna, Atsegindegin, Zirkozaurre konpainiaren eskutik.*

EKAINAK 24

09:00, Diana, auzoetan barrena, Txistulari Bandarekin eta Musika Bandarekin.

12:00, Amaia Elizaranen 'Out' dantza garaikideko ikuskizuna, Biteri plazan.

12:30, Kontzertua, Atsegindegin: Hernaniko Musika Banda, Hernaniko Txistulariak, eta Donostiako Txistulari Banda. Gonbidapenak: bihar 15:00-19:00, Milagrosan.

18:00, 'Kutxa baten istorioak' ikuskizun familiarra, Txantxilla auzoan, Cía Trotamundosen eskutik.

18:30, Fermin Valencia eta Anje Duhalderekin kantaldia, Atsegindegin. San Joan Konpartsa. Gonbidapenak: bihar 10:00-11:00 eta 17:30-18:30, Biteriko sarreran.

20:00, Sua taldearen kontzertua, kiroldegiko pistan.*

EKAINAK 25

11:00, Haurrentzako puzgarriak, Atsegindegin.

18:00, 'Mikra' kale ikuskizuna, Gabriel Zelaia plazan, Berdinki konpainiaren eskutik.

18:00, 'Korapiloak' ikuskizun familiarra, Zikuñaga auzoan, Rojo Telón konpainiaren eskutik.

18:30, 'No es país para negras' bakarrizketa, Biterin, Silvia Albert Sopaleren eskutik. Amher elkarteak antolatuta. Gonbidapenak: amhersosarrazakeria@gmail.com edo whatsappez 650 294 390.

20:00, Joseba Tapia eta bandaren kontzertua, kiroldegiko pistan.*

EKAINAK 26

09:00, Txakur erakusketa, San Joan Saria, Urnietako Xoxokan. Txantxangorri elkarteak antolatuta.

11:00, 'Ametsen urtebetetzea' haurrentzako ikuskizuna, Atsegindegin, Kantu Kolore taldearekin.*

12:00, Bertso jaialdia, Biteri plazan: Jon Maia, Amaia Agirre, Eñaut Martikorena eta Uxue Alberdi. Gai-jartzailea: Agin Laburu. Bertso jarriak, Joxe Luis Urdangarin, Garazi Urdangarin eta Asier Azpirozen eskutik. Hernaniko Bertso Eskolak antolatuta. Gonbidapenak: hernanikobertsoeskola@gmail.com.

12:30, 'Rojo estándar' kale ikuskizuna, Karabel auzoan, La Nordika konpainiaren eskutik.

18:00, 'Indartsuak' kale ikuskizuna, Portu auzoan, Circo Chosco konpainiaren eskutik.

19:00, Mariatxiak eta gehiago, Puro Relajo taldearen eskutik, Atsegindegin.*

22:00, Zetak taldearen kontzertua, kiroldegiko pistan.*

EKAINAK 27

12:00, 'Baldin bada' kale ikuskizuna, Martindegi auzoan, Shakti Olaizolaren eskutik.

12:00, Musika emanaldia, Osinaga auzoan, Itxasburu sagardotegiko aparkalekuan.

18:00, 'Suharra' dokumentalaren emanaldia, Biterin. Sokamuturra Bai elkarteak antolatuta. Gonbidapenak: Sokamuturra Bai Instagram.

19:30, 'Mulïer' dantza ikuskizuna, Atsegindegin, Maduixa Teatre konpainiaren eskutik*.

*Udaleko Kultur Sailak antolatutako emanaldietarako (izartxoarekin markatutakoak) gonbidapenak: kultura.hernani.eus webgunean edo Biteriko lehiatilan, gaurtik aurrera. Doakoak izango dira emanaldi guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!