Irazustabarrena eta Arrieta, Master finalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 00:00

Arrietak irabazi egin zuen Irazustabarrenarekin batera.

Etxarri Aranazen 23-25 gainditu zituzten Murillo eta Igoa partidu gogor batean.

Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta Nafarroako Emakumeen Master Cup finalera sailkatu dira, igandean finalerdian, Murillo eta Igoa 23-25 gainditu eta gero. Partidua ezin gogorragoa izan zen. Bikote hernaniarra 21garren tantura arte atzetik joan zen, nahiz eta hainbat berdinketa egon, 11na, 16na, 18na, 21na...

Berdindu bai, baina ez zuten aurretik jartzea lortzen. Azkenean 21-22 jarri ziren aurretik eta abantaila bi tantora iritsi zen amaieran. Finala datorren ekainaren 26an jokatuko da eta oraingoan txapela nahi dute azken bi txapelketetan azpitxapeldun geratu eta gero..

Irekia txapelketan bi garaipen eta lau porrot

Palista hernaniarrak Irekia Txapelketa hasi berri du­te Gasteizen eta Ikaztegietan, Euskal Herriko Pilota Federazioak antolatuta. Herriko sei bikote aritu ziren lehian, guztira. Garazi Urdangarinek eta Ane Kerejetak, Ekhine Balerdik eta Enara Maciciorren aurka jokatu zuten hernaniarren arteko partiduak eta lehenengoek irabazi zuten 30-26.

Ainhoa Urienek eta Eli Gutierrezek 26-30 galdu zuten Elorrioren aurka eta Nahia Eizmendik eta Eider Otaegik, Olarretaren aurka jokatu zuten Gasteizen eta 30-13 galdu zuten, bigarren mailan. Hirugarren mailan Maddi Iriondo eta Alaitz Barrenetxeak 18-30 galdu zuten Larraunen aurka eta Joana Tolaretxipi eta Irati Minerrek 30-14 irabazi zuten Behar Zanaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!