Antonio Tàpiesen erakusketak ireki du artista gonbidatuen atala, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 13a, 00:00

Antonio Tápiesen lana, Zabalagako goiko soilairuan.

Chillida Lekuk erakusketa lerro berri bati ekin dio: artista gonbidatuen programa. Proiektu hau 'Tàpies Zabalagan' erakusketarekin hasi da, Antoni Tàpies sortzailearen omenez. 2022ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai. 

Joan den ostegunean, erakusketa lerro berri bati ekin zioten Chillida Lekun. Hemendik aurrera, artista gonbidatuen erakusketak jarriko dituzte bertan, Zabalaga baserrian. Azaldu duenez, artista gonbidatuen programa honekin, helburua da «Chillidaren unibertsora gerturatzea», eta horixe bera egingo dute ikusgai jarriko dituzten artisten obra guztiekin. Proiektua Antonio Tàpiesen erakusketarekin ireki dute, eta 2022ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.


Tàpiesen lana, Zabalagako hirugarren solairuan

Joan den osteguneko prentsaurrekoan azaldu zutenez, lan ildo berri hau erronka «liluragarria» da museoko taldearentzat. «Guretzat erantzukizun haundia da museoa beste artista batzuei irekitzea», aipatu zuen Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak.
Bestalde, aurrez aipatu moduan, Antonio Tàpiesen erakusketarekin emango diote hasiera proiektuari. «Zalantzarik gabe, Antoni Tàpiesen lana eta irudia ezin hobeak dira Eduardo Chillidaren ondare historikoarekin elkarrizketa hasteko; eta erakusketa honen sustraiak bien bizitza eta praktika artistikoa gidatu zituzten printzipio komunak dira. Gainera, haren lanak, euskal eskultorearenak bezalaxe, arrasto sakona utzi zuen arte modernoaren eta garaikidearen bilakaeran».

Lana Zabalaga baserriaren goiko solairuan egongo da ikusgai, eta 2022ko urtarrilaren 10era arte bisitatu ahal izango da. Formatu txiki zein haundiko obrek osatuko dute, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetako eskulturek. «Horrela, elkarrizketa zuzena izango dute Eduardo Chillidaren piezekin (beheko solairuan jarriko baitira ikusgai), eta  baita Zabalaga baserriarekin ere, donostiar artistak zaharberritu baitzuen eraikina».

Horrekin batera, Antonio Tàpies Fundazioaren eta Tàpies familiaren laguntza izango du erakusketak, eta zenbait bilduma pribaturen maileguak ere jaso dituzte Chillida Lekukoek, proiektua aurrera eramateko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!