Iñigo Legorburuk Altzako Bertso Paperetan lehenengo saria irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 12a, 00:00

Bosgarren aldiz nagusitu da migrazioaren inguruko 'Ni...gutar?' bertso sortarekin.

Iñigo Legorburu Altzako bertso-paper lehiaketako 11garren edizioan nagusitu da. Ni…gutar? izeneko bertso-sortarekin. Sari honekin, 101garren  sarira iristea lortu du, «otsailetik hona iraun didan blokeoa puskatuta».


Egileak, zortzi bertsoko sorta ondu du Peio eta Pantxoaren Itziarren semea doinu herrikoi eta ezagunean. Guztira, 14 sorta aurkeztu dira Altzako Bizarrain Euskara Elkarteak eta Altzako Bertso-Eskolak elkarlanean antolatzen duten lehiaketa honetan. Bosgarrenez gailendu bada ere, azken urte hauetan zehar, Amaia Agirre edo Joanes Illarregi leitzarra bezalako bertsolari entzutetsuek idatzi eta irabazi izan dute lehiaketa.


Migrazio politikak, murgiltze ereduak, euskaldunok 'gutar' nor den izendatzeko darabilzkigun irizpideak… gai guzti horiek izan ditu hizpide Legorburuk. 
Bere lanarengatik, Altzako baserrietako produktuz osaturiko saskia eta 200 euro irabazi ditu Legorburuk. Azkenik, altzatarren artean onena Izko Lekuona suertatu zen, nahiz eta jaiotzez oiartzuarra izan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!