Maixa Zugastik Hostoen hezurdura unatua poesia liburua aurkeztu berri du maiatzean. Tolosan jaio, Hernanin bizi eta Aratz ikastetxean literatur irakasle da Zugasti eta bere idazle ibilbidean, azken bost urteetan, lau liburu argitaratu ditu: Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen L.A.A. eleberria, 2017an; Ahotsak eta itzalak, 2018an; Tximeletak hondartzan, 2019an; Eta orain Hostoen hezurdura unatua.
Duela lau edo bost urte idatzitako poemak bildu ditu Zugastik. Hiru ataletan dago banatuta eta bakoitzak 10 poema ditu.
Isiltasunari buruzkoa da liburuaren lehenengo atala. Gizartean nahiko kontzeptu «ezkorra» dela uste duela azaldu du idazleak, «askotan bakardadearekin, hutsunearekin, heriotzarekin... lotzen dena».
Bigarren blokea hitzari buruzkoa da Zugastiren esanetan: «Garai gogorra da hitzarentzat, manipulaziorako tresna bihurtuta ageri da. Interesen arabera errealitatea moldatzen du». Horren aurrean, hitzen ezagutza pentsamendua sakonago bat izateko aukera ematen duela azpimarratu du.
Hirugarren eta azken atalak zarata du erdigune. Idazleak azaldu duenez, «bizi dugun gizarte zaratatsua» du oinarri. «Benetan onak diren tresna eta gauza asko antolatu ditugu, baina zaratatsuak bihurtu ditugu. Algoritmoen menpe jarri ditugu kultura, komunikabideak eta sare sozialak, eta gizarte zaratatsu bat eraiki dugu», azaldu du.
Horri buruzko gogoeta egiten du Zugastik poemetan, eta zarata sufrimenduarekin, beldurrarekin, gezurrarekin edo oroitzapenekin agertzen dela azaldu du.