Pauldarrak mendean hartu eta gainerako emaitzen zain geratu beharko du Hernanik, mailari eusteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 12a, 00:00

Cesia Lizasori pasea ematen, Alavesen kontrako partiduan, Zubipen. Etxean jokatuko dute gaur ere, partidu erabakigarria.

Zubipen jokatuko du, gaur arratsaldeko 18:00etan, Euskal Ligan jarraitzeko azkeneko aukerei heltzeko. Mundarrok, berriz, finala jokatuko du erregionalen 1go mailan, Zarkumendegin, ordu berean.

Asteburu honetan bukatuko du­te denboraldia, bailarako futbol talde gehienek, oso erronka ezberdinekin: batzuk mailari eusteko borrokan ari diren bitartean, txapeldun izateko jokatuko dute beste batzuek.

Bereziki zaila da egoera Hernanirentzat, Euskal Ligan. Berdeek egun borobila behar du­te, mailari eutsi ahal izateko. Pauldarrak taldearen kontra jokatuko dute ligako azkenekoa gaur, arratsaldeko 18:00etan Zubipen; eta bigarren sailkatua mendean hartzeak ez die ziurtatuko Euskal Ligan jarraitzea: beste partiduen emaitzen zain geratu beharko dute. Hernanik irabaziz gero, mailari eutsiko dio Goierri Gorrik galduta; edo Aurrera de Vitoriak galdu edo berdinduta. Berdinketa ere nahikoa izan dezake talde berdeak, beste bi emai­tza hauek emanez gero: Aurrera de Vitoriak galtzea, eta Oiartzunek ez irabaztea.

Ordu berean jokatuko dute talde guztiek: etxean ariko dira Goierri Gorri eta Aurrera de Vitoria, dagoeneko maila galdu du­ten  Barakaldo eta Sestaoren kon­tra; eta kanpoan jokatuko du Oiartzunek, Lakuaren zelaian.

 

Erregionalen 1go mailako finala etxean, Mundarrok

Bestelakoa izango da Mundarroren lehia, mutil erregionalen lehenengo mailan: ligako txapeldun izateko finala jokatuko du gaur. Zarkumendegin ariko da gainera, 18:00etan hasita.

Txapeldun izan eta igoera lortzeko lehia horretatik kanpo ge­ratu ziren Hernani eta Mundarro, joan den asteburu­an, erre­gionalen ohorezko mailan eta preferenteetan. Hernanik hirugarren posturako lehia izango du gaur, eguerdiko 12:00etan Zubipen, Añorgaren kontra. Irabaziz gero, oraindik izan lezake aukeraren bat talde berdeak, hirugarren mailara igo­era lortzeko. Mundarro, berriz, bosgarren izateko lehian murgilduko da, eta Tolosaren kontra jokatuko du, Zarkumendegin, 16:00etan hasita. Irabaziz gero, bosgarren izateko partidua jokatuko luke datorren astean; eta galduta, aldiz, zazpigarren postua izango luke jokoan.

Eta azkenik, Bilbon jokatuko du Hernanik, mutil jubenilen Liga Nazionaleko azkeneko partidua. Deusturen kontra ariko da, gaur 16:00etan, denboraldia ondo bukatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!