Hondartzako boleibola martxan da, datorren urteari zuzenean begiratuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 12a, 00:00

Ate irekien saioak izango dira gaur eta datorren larunbatean, kiroldegian.

Hernaniko klubak 10-12 talde atera nahi ditu datorren denboraldian eta «laguntza» behar du hori lortzeko.

2020-2021 denboraldia amaitzeko udara tartean egon arren, hon­dartzako boleibolean ere parte hartzen dute Hernaniko neska-mu­tilek. Eta dagoeneko hasi dira datorren denboraldia aurreikusten, Hernaniko klubean.

Pistako konpetizioak amaitu dira, eta orain Kantauri itsasoko kostaldean jokatzen diren hondartzako boleibol txapelketetan parte hartzen hasiak dira hernaniar jokalariak, eta ia asteburu guztietan han edo hemen izaten dira partiduak; Kantabrian eta Bizkaian ibiliak dira, eta pasa den asteburuan, Donostian izan zen azkena. Kadeteak eta jubenilak ekainaren 26an eta 27an estreinatuko dira Zurriolan, Gipuzkoako Txapelketa jokoan izanik.

Hondartzako boleibolak arrakasta haundia du munduan zehar, eta ondorioz, kirol olinpikoa bihurtu zen. Modalitate gogorra da, fisikoki eta teknikoki asko eskatzen duena. Bikoteka jokatzen da, eta hondarrean salto edo lasterka egitea ez da erraza.

Boleibolak Hernanin 40 urte daramazki: «urteak daramazkigu Udalari aisialdirako kantxak eskatzen. Hiri osoan zehar ez dago edozeinek erabili dezakeen boleibolerako kantxarik. Bi zutoin eta sare bat besterik ez dira behar esparru txiki batean», diote Hernaniko klubetik.

 

«Datorren denboraldian hamar talde osatuko ditugula uste dugu, eta mutilei dei  berezia egiten diegu»
Datorren urterako, hamar talde osatu nahi dituzte. «Oztopo guztiak gaindituz, lanean segitzen dugu, eta hamar talde gutxienez osatuko ditugulakoan gaude. Helburu nagusia da gaur egungo desoreka txikitzea. Gure kasua berezia da; %80a emakume­ak di­ra eta %20a mutilak».

Oreka hori lortzeko, dei berezia egin diete klubetik mutileei, «bereziki 2009, 2008, 2007 eta 2006an jaioetakoei».

2021-2022 denboraldiari begi­ra, ondorengo taldeak aurreikusi dira: infantil neskak 2008, plaza bat geratzen da topea osatzeko; infantil neskak 2009, soilik bi plaza geratzen dira; kadete neskak 2007, osatua; kadete neskak 2006, bi talde izango dira adin honetakoak, eta lau plaza daude topea osatzeko; jubenil neskak 2005-2004-2003, talde bat aurre­ikusten da, baina bi talde osatzeko adina jokalarik eman dute izena, eta bigarrena ateratzea aztertzen ari dira; senior neskak, talde bat; infantil mutilak 2009-2008, talde bat, sei plaza daude topea osatzeko; kadete mutilak 2007-2006, talde bat, 11 plaza gehiengoa osatzeko; jubenil mutilak 2005-2004-2003, talde bat eta bost plaza geratzen dira; eta senior mutilen taldea.

Nesken talde ia denak osatuta daude, baina mutilen taldeetan postu asko daude libre. «Egia da azkeneko urteetan soilik neskei eman zaiela lehentasuna, baina datozen urteetara begira, oreka ez bada, inguratzea dugu helburu», aipatu du HKEak.

Ate irekiak gaur eta  gaur zortzi, goizez

Aukera ezin hobea izango da, gaur eta gaur zortzi, 11:00etatik 13:00etara kiroldegian burutuko diren ate irekietara azaltzea, boleibola ezagutzeko. «Horretarako, gonbidapena luzatzen diegu denei. 10-12 talde martxan jartzeak lan haundia eskatzen du, eta gu­re aldetik prest gaude jokalarien ilusioak ematen digun indarraren laguntzarekin; baina Udalak ere lagundu behar du, bestela zaila da aurrera egitea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!